Gradu amaierako lanentzako saria banatuko du Mintzola Ahozko Lantegiak

Aiurri 2019ko urr. 15a, 11:22

Argazkia: XDZ.

Mintzola Ahozko Lantegiak eta UPV/EHUko Mikel Laboa Katedrak gradu amaierako lanak saritzeko deialdia jarri du martxan. Euskarazko ahozko kultur sorkuntzari buruzko lanak hartuko dira aintzat eta azaroaren 8ra arte aurkeztu ahal izango dira.

Ahozko kultur sorkuntzari buruz egin diren gradu amaierako lanak saritu nahi ditu Mintzola Ahozko Lantegiak. Horretan bidelagun dituzten UPV/EHUko Mikel Laboa Katedrarekin elkarlanean, 500 euroko dirusaria esleituko da. 2016tik 2019ra bitarteko ikasturteetan defendatutako lanak hartuko dira aintzat.

Edozein jakintza alorretatik abiatuta, antzerkigintza, bertsolaritza, kantagintza edota kontalaritza ikergai gisa duten lanak aurkeztu ahalko dira; azaroaren 8ra arte izango da aurkezteko aukera. Saria, aldiz, abenduaren 4an banatuko da Amasa-Villabonako Subijana etxean, Mintzolaren egoitzan. Azken urteotan bezala, ahozko kultur sorkuntzari eta bereziki bertsolaritzari buruzko ikerketak ezagutzeko mintegia antolatuko dute, abenduaren 4an, eta hitzordu horren baitan emango da saria.

Sariari loturiko ebaluazio irizpideak eta beste, hemen.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!