Amasa-Villabonako Udalaren Adierazpena eta elkarretaratzeko deia

Aiurri 2019ko urr. 15a, 16:05

Amasa-Villabonako Udalak Adierazpena kaleratu du Kataluniako buruzagi independentisten aurkako epaia salatuz eta mobilizazioa deitu du datorren ostiralerako, urriaren 18rako, eguerdiko 12:00etan udaletxe aurrean.

Amasa-Villabonako Udalak gaur izandako Tokiko Gobernu Batzordean astelehenean ezagutzera eman zen Kataluniako buruzagi independentistak zigortzen dituen epaiaren kontrako Erakunde Adierazpena onartu du. Adierazpena EH Bildu eta EAJ-PNV talde politikoen artean adostu da eta PSEko ordezkariak kontra bozkatu duen arren, gehiengo osoz onartua izan da.

Besteak beste, Amasa-Villabonako Udalak elkartasuna adierazten die "Kataluniako preso eta erbesteratu politikoei", Estatuko botereei eskatzen die, "espetxean dauden preso politikoak berehala aske utz ditzala" eta bat egiten du datorren larunbatean Gure Esku-k Donostian antolatu duen mobilizazioarekin.

Ostiralean 12:00etan elkarretaratzea udaletxe aurrean

Udalak ostiral honetan, urriak 18, '24 orduz Askatasuna' leloa izango duen pankarta bat ezarriko du udaletxearen kanpoaldean eta eguerdiko 12:00etan elkarretaratzea egingo du udaletxe aurrean.

Honakoa da gaur EH Bildu eta EAJ-PNV taldeen aldeko botoarekin onartua izan den Erakunde Adierazpena:

Erakunde-Adierazpena

  1. Amasa-Villabonako Udalak ziurtatzen du demokraziaren adierazpen baketsua, indibiduala zein kolektiboa, gauzatzea eta herriari hitza ematea ez dela delitua. Hori horrela, urriak 1eko erreferenduma tresna demokratiko eta zilegia izan zela, eta Kataluniak bezala Euskal Herriak ere, berezkoa dutela etorkizuna erabakitzeko eskubidea.
  2. Amasa-Villabonako Udalak argi eta garbi adierazten du ezin direla justifikatu Auzitegi Gorenak eta Estatuko botereek Kataluniako agintari eta gizarte eragileei bizkarreratutako auzia eta ezarritako zigorrak.
  3. Amasa-Villabonako Udalak nabarmentzen du Kataluniako Proces-aren aurkako auziak eta epaiak Zuzenbide Estatuaren itxuragabetzea dakartela eta ezbaian jartzen dutela espainiar demokraziaren homologazioa nazioartean.
  4. Amasa-Villabonako Udalak azpimarratzen du euskal herritarrei zuzenean eragiten digula Estatu espainiarraren erantzun bortitzak, izan ere herrien borondatea era demokratiko eta baketsuz erabakitzea mozten baitu eta arazo politikoari tribunalen indarrez, 155. Artikuluaren ezarpenez edo erabakitze eskubidearen alde egiten dutenei edonolako neurri bidegabeak ezarriz, irtenbide elkarrizketatu eta negoziatua bilatu ordez eta herriari galdetu beharrean.
  5. Amasa-Villabonako Udalak Estatuko botereei eskatzen die, espetxean dauden preso politikoak berehala aske utz ditzala eta era berean, erbesteratu politikoen aurkako auzibideak bertan behera utz ditzala.
  6. Amasa-Villabonako Udalak elkartasuna adierazten die Kataluniako preso eta erbesteratu politikoei nahiz haien etxekoei hala nola Kataluniako herriari eta erakundeei, eta herritarrei dei egiten die bat egin dezaten herriari hitza ematearen aldeko ekimen baketsuekin, demokraziaren eta askatasunaren alde.
  7. Amasa-Villabonako Udalak datorren urriaren 19an Gure Esku-k Donostian egingo duen manifestazioan parte hartzeko deialdia egiten du.
  8. Amasa-Villabonako Udalak ostiral honetan urriak 18, '24 orduz Askatasuna' leloa izango duen pankarta bat ezarriko du udaletxearen kanpoaldean eta eguerdiko 12:00etan elkarretaratzea egingo du udaletxe aurrean.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!