Diru-laguntzak, haurrak Seaska haurreskolan matrikulatzen dituzten gurasoentzat

Ainhoa Arozena 2019ko urr. 16a, 17:30

Amasa-Villabonako Udaleko ordezkariak eta Seaska haurreskolako hezitzaileak, prentsaurrekoaren ostean.

Gaur arratsaldean Seaska haurreskolaren atarian burutu den prentsaurrekoan, Amasa-Villabonako Udalak diru-laguntzak iragarri ditu haurrak Seaska haurreskolan matrikulatzen dituzten gurasoentzat. Amasa-Villabonako alkate Beatriz Unzuek eta hezkuntzako zinegotzi Amagoia Agirrek hartu dute hitza, Seaska haurreskolako hezitzaile eta langileak alboan zituztela.

Diru-laguntza honen bidez, Amasa-Villabonako Udalak, herriko haurreskolako matrikulazio kopurua handitzea eta etorkizunean haurreskola zerbitzu publikoaren biziraupena ziurtatzea lortu nahi dutela adierazi du Beatriz Unzue alkateak. "Irailaren 26an izandako Udal Gobernu Batzarrean hartu zen diru-laguntza sistema berri hau onartzeko erabakia, EH Bildu eta PSEko ordezkarien aldeko botoekin eta EAJ-PNV taldearen abstentzioarekin",  zehaztu du. 

Amagoia Agirre hezkuntza zinegotziak bestalde, diru-laguntzak jaso ahal izateko bi baldintza bete beharko direla gaineratu du. "Amasa-Villabonan erroldatuta egotea eta bertan bizitzea batetik. Eta haurra Seaska haurreskolan (Haurreskolak partzuergoan) matrikulatuta izatea bestetik". Familia unitateek dituzten urteko diru-sarreren arabera, bi laguntza ezberdin ezarri dituzte:

  • Urteko familia errenta 18.000 eurotik 30.000 eurora bitartekoa dutenei, Haurreskolak partzuergoan ordaindutako kuotaren %100a ordainduko zaie, doakotasuna lortuz.
  • Urteko familia errenta 30.000 eurotik 50.000 eurora bitartekoa dutenei, bost orduko zerbitzuagatik hilean 40 euro eta zortzi orduko zerbitzuagatik 58 euro emango zaizkie.

18.000 eurotik beherako diru-sarrerak dituzten familiek doako zerbitzua dutela gogorarazi du Agirrek, Eusko Jaurlaritzak bideratutako laguntzaren bidez.

Amasa-Villabonako herritar guztiek haurreskola zerbitzua erabiltzeko eskubidea izatea bermatu nahi du Amasa-Villabonako Udalak eta baliabide ekonomiko urriak dituzten familiei doakotasuna aitortzea, norabide horretan, pauso handia dela nabarmendu du zinegotziak.

Diru-laguntza eskatzeko, herritarrek Udaleko herritarren arreta zerbitzura jo beharko dute abenduaren 9tik urtarrilaren 15a bitarte. Epe horretan, 2019. urtean ordaindutako kuoten ordainagiriak aurkeztu ahal izango dituzte.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!