Enrike Abril txapelketako finala, igandean

Ainhoa Gil 2019ko urr. 17a, 10:39

Zubieta eta Noizbait taldeak lehiatuko dira Enrike Abril Errebote Txapelketako finalean. Eguraldiak laguntzen badu, 11:00tan hasiko da lehia, Errebote plazan.

Gipuzkoako Euskal Pilota Federaziotik jakinarazi duenez, Zubieta eta Noizbait taldeak lehiatu dira finalean. Biak nagusitu ziren finalerdietan, joan den asteburuan (2019-10-13): zubietarrek 13-1 irabazi zioten Oiartzungo Txost taldeari, eta hazpandarrak Donibane Lohizuneko Luzean taldeari nagusitu zitzaizkion, 12-13ko emaitza estuarekin. Igandean izango da Zubietaren eta Noizbaiten arteko finala, 11:00etan hasita, Villabonako Errebote plazan: 

Euskal Herriko 8 talde lehiatu da 56. Enrique Abril Errebote Txapelketan: Zubieta (Zubieta, Gipuzkoa), Behar Zana (Villabona, Gipuzkoa), Noizbait (Hazparne, Lapurdi) eta Zaharrer Segi (Baigorri, Nafarroa Beherea) A multzoan; eta Luzean (Donibane Lohizune, Lapurdi), Kanboarrak (Kanbo, Lapurdi), Sarako Izarra (Sara, Lapurdi) eta Txost (Oiartzun, Gipuzkoa) B multzoan.

Zubieta eta Noizbait taldeek ez dute sekula elkarren kontrako finalik jokatu. Zubietako Yoko Garbi taldeak bai jokatu zuen final bat Noizbat taldearen aurka, 1991-92 denboraldian; hazpandarrek irabazi zieten zubietarrei, 13-6.

Enrike Abril Errebote Txapelketaren 6 final jokatu ditu Zubieta taldeak (aurtengoarekin, 5.a jarraian). Behin irabazi du soilik, aurreko denboraldian; eta beste 5 aldiz txapeldunorde izan da: 2010, 2013, 2015, 2016 eta 2017. 

Noizbait, bere aldetik, 11 finaletan lehiatu da (2004an iritsi zen azkeneko aldiz finalera). 4 txapel ditu: 1979, 1991, 1996 eta 2002an lortutakoak; eta 7 aldiz izan da txapeldunorde: 1963, 1978, 1988, 1990, 1998, 2003 eta 2004.

Palmaresari dagokionez, Luzean taldea da sailkapen buru, 17 txapelekin (beste 11 aldiz izan da txapeldunorde). Atzetik ditu Aviron Bayonnais, 14 txapelekin (6 aldiz azpitxapeldun); Kapito Harri, 11rekin (7 aldiz txapeldunorde); Behar Zana eta Noizbat, 4rekin (8 eta 7 aldiz azpitxapeldun, hurrenez hurren); Endaiarrak 2rekin (behin txapeldunorde); eta Zaharrer Segi, Yoko Garbi eta Zubieta, banarekin (lehenak beste behin izan dira azpitxapeldun, bigarrenak 6 aldiz eta hirugarrenak 5 bider). 


 

 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!