Garmenditxiki gaztandegian barrena

Aiurri 2019ko urr. 28a, 12:35
Jabier Agirrezabala, bere ardien ondoan, Garmenditxikiko ukuiluan.

Amasa-Villabonako Garmenditxiki baserria gazta egiteagatik da ezaguna eskualdean. Orain hamar urte bertako semea den Jabier Agirrezabalak hartu zuen negozioa aurrera eramateko ardura, eta ordutik alboan ditu familiako kideak baserriko lanetan laguntzeko.

Aiurri aldizkariaren 547 zenbakian argitaratutako erreportajearen laburpena hemen. Osorik, paperezko aldizkarian.

Ukuiluan, ardi artean topatu dugu Garmenditxiki baserriko Jabier Agirrezabala elkarrizketa egitera joan garenean. Familia negozioa da gaztandegia. Txikitatik ezagutu eta mamitu du lanbidea, hala nola ardiekin mendira joatea, ardiak jeztea edota gazta egiteko prozesua ezagutzea. Jabier Agirrezabalak adierazi duenez, "2009. urtean hartu nuen baserriko lanen ardura eta geroztik ni aritzen naiz gehien baserrian lanean". Negozioaren martxa aurrera eramaten duena bera den arren, familiako kide guztien laguntza jasotzen du. "Bi seme ditut eta eskolaz kanpoko orduetan lagundu ohi didate baserrian. Amak ere bai, gazta saltzen batez ere. Emazteak etxetik kanpo egiten du lan, baina aritzen da hemengo lanetan ere".

Urte erdia Aralarko mendietan igarotzen du Agirrezabalak ardiekin, udako hilabeteetan, hain zuzen. Gainerako sei hilabeteetan, berriz, etxean, Garmenditxiki baserrian egoten dira."Urriaren azkenean jaisten ditugu ardiak Aralarko mendietatik, eta azaroaren aurrenean hasten dira umeak egiten. Gabonetan arkumeak kendu eta hortik aurrera jetzi egiten ditugu, ondoren gazta egin ahal izateko". Maiatzaren azkeneko egunera arte gazta egiten aritzen direla gehitu du.

Zuzeneko salmenta
Urtean 5.000 kilo inguru gazta ekoiztera iristen dira Garmenditxiki baserrian, eta kilo horiek guztiak lortzeko 400 buruz osatutako artaldea dute. "Egun, badaude lehengoek baino esne gehiago ematen duten ardiak. Lehengo ardi hanka-motzik ez dugu, horiek produkzio txikiagoa baitute".

Gaztaren berezitasunengatik galdetuta, ardi latxak duen esnean egin du azpimarra, adieraziz ardi latxak ematen duen esne gordina bera "berezia" dela. Gainerakoan gustura daude aurtengoan lortu duten gaztarekin, baita salmenta kopuruarekin ere. "Ondo saltzen dugu eta gustura gaude egiten dugun lanarekin", adierazi du.

Gaztazalea denari eta Garmenditxiki baserriko gazta dastatzeko jakinmina piztu zaionari, bertara hurbiltzeko gonbita luzatu dio Agirrezabalak. Zuzeneko salmenta dute ardatz, hau da, ez dute inongo bitartekaririk gazta saltzeko. Horregatik ez dago eskuragarri gazta ez dendetan ezta azoketan ere. Beren gazta ez dago inongo jatorri izendapenen barruan.

Baserria Larrea Barreiatua 8 helbidean aurkitzen da, Tolosatik Amasa-Villabonako norabidean, herrirako sarrera baino lehen dagoen gasolindegiaren ondotik du sarrera. Bertan Jabier Agirrezabala egon ezean bere ama, Joxepa Goñi, egoten da salmenta lanetarako.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!