Legegintzako lehen Euskara mahaiaren bilera, urriaren 30ean

Aiurri 2019ko urr. 29a, 13:35

2017ko otsailean egindako bileraren argazkia.

Legegintzaldi honetako Euskara mahaiaren lehen bilera egingo da bihar asteazkena, urriak 30, arratsaldeko 18:00etan, udaletxeko batzar aretoan. Udaletik bilerara azaltzeko deia luzatu diete herritarrei. Honatx deialdia:

Legegintzaldi honetako helburu nagusienetako bat parte-hartze prozesua sustatzea da; herritarron iritziak kontuan hartuz eraiki nahi dugu etorkizuneko Amasa-Villabona.

Euskara gaietarako ere, udal-taldearen asmoa herriko euskara lan-mahai zabala eta irekia eratzea da. Euskalgintza eta eragileen inplikazioa bermatzea ezinbestekoa iruditzen zaigu. Mahai horren egitekoa izango da Amasa-Villabonan euskararen normalizaziorako dauden arazoak detektatu, hauek konpontzeko planak diseinatu, ekintzak martxan jarri eta emaitzen jarraipena egitea. Izan ere, herriko eragileen laguntza ezinbestekoa dela iruditzen zaigu herriko hizkuntza politika aurrera eramateko.

Lan-mahai honek herri mailako izaera izango du, eta udal-taldeko ordezkariak eta euskara teknikaria bertako kide izango dira. Esan beharrik ez dago, norbanakoek ere lekua izango dutela lan-mahai honetan.

Euskara lan-mahaiko eragile bakoitzak bere lan esparruko arazoak eta kezkak azalduko ditu lan- mahaian, eta denon artean saiatu beharko dugu hauei konponbidea ematen.

Bukatzeko, norbanakoak ere animatu nahi ditugu lan mahai honetan aktiboki parte hartzera, ea denon artean lortzen dugun Amasa-Villabonak euskara mailan behar duen adostasunera iristea.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!