Samartiñak 2019

Hasi dira San Martin jaiak Amasan

Aiurri 2019ko aza. 7a, 10:46

Gazteen eguna ari dira ospatzen gaurkoan amasarrak. Goizean zehar baserriz baserri dabiltza kalejiran eta 14:30ak inguruan bazkaltzera jaitsiko dira Uxo-Toki elkartera.

Atzo iluntzean emakumezkoen Binakako Pala Txapelketako finala eta gizonezkoen Eskuzko Banakako Pilota Txapelketa Herrikoiaren finala jokatu zuten. Emakumezkoetan Amaia Gonzalez eta Larraitz Etxaniz nagusitu ziren Edurne Osa eta Laura Carreteroren aurka 22 eta 16ko markagailuarekin. Gizonezkoetan, berriz, Mikel Otañok Arkaitz Arretxeri irabazi zion 22 eta 19ko markagailuarekin.

19:30ak puntu-puntuan zirela Loatzo musika eskolako Jeronimo dultzaina taldea hasi zen giroa alaitzen txupinazoaren atarian. Ondoren, hurbildu zirenek, bertso sorta abestu zuten Oihana Iguaran bertsolari amasarraren konpainian. Suziria jaurtitzearekin batera jaitsi zen kanpandorretik Martina sorgina eta ospatzeko dantzan aritu ziren herritarrak dultzainaren musikaz lagunduta.

Gazteen eguneko egitaraua
14:30
Gazteen bazkaria Uxo-Toki elkartean.
17:00
Soka dantza eta aurreskua plazan.
Ondoren,
trikitilarien erromeria.
21:00
Gazteen afaria Iturri-Goxo jatetxean.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!