Atzo iluntzean emakumezkoen Binakako Pala Txapelketako finala eta gizonezkoen Eskuzko Banakako Pilota Txapelketa Herrikoiaren finala jokatu zuten. Emakumezkoetan Amaia Gonzalez eta Larraitz Etxaniz nagusitu ziren Edurne Osa eta Laura Carreteroren aurka 22 eta 16ko markagailuarekin. Gizonezkoetan, berriz, Mikel Otañok Arkaitz Arretxeri irabazi zion 22 eta 19ko markagailuarekin.
19:30ak puntu-puntuan zirela Loatzo musika eskolako Jeronimo dultzaina taldea hasi zen giroa alaitzen txupinazoaren atarian. Ondoren, hurbildu zirenek, bertso sorta abestu zuten Oihana Iguaran bertsolari amasarraren konpainian. Suziria jaurtitzearekin batera jaitsi zen kanpandorretik Martina sorgina eta ospatzeko dantzan aritu ziren herritarrak dultzainaren musikaz lagunduta.
Gazteen eguneko egitaraua
14:30 Gazteen bazkaria Uxo-Toki elkartean.
17:00 Soka dantza eta aurreskua plazan.
Ondoren, trikitilarien erromeria.
21:00 Gazteen afaria Iturri-Goxo jatetxean.