Trukegunea Sarea aurkeztu du Kutxa Ekoguneak eskualdeko udalekin batera

Aiurri 2019ko aza. 15a, 16:13

Gaur jarri dute martxan Trukegunea sarea eta urtarrilaren 7ra arte egongo da martxan. Olaederra kiroldegian egongo da Trukegunea eta Andoainen kasuan Allurralde kiroldegian eta Arrate pilotalekuan.

Gipuzkoako hamar udalerriek bat egin dute Kutxa Ekoguneak proposatutako Trukegunea sarearekin. Villabonako kiroldegian aurkeztu dute ekimena gaurkoan eta bertan izan dira Amasa-Villbonako Udaleko Ander Goikoetxea zinegotzia, Andoaingo Udaleko Maria Jose Izagirre zinegotzia eta Tolosako Udaleko Patxi Amantegi zinegotzia.

Trukegunearen helburua trukean oinarritutako esperientzia eskaintzea da, kontsumo arduratsua eta birziklapena jorratuz. Kutxa Ekogunea Fundazioko teknikaria den Amaia Otazak azaldu duenez, "ahaztu egin zaigu zer den besteekin elkarbanatzea. Azpimarratu nahi dugun gauzetako bat da, Trukegunea ez dela espazio bat etxean erabiltzen ez ditugun gauzak uzteko soilik, baizik eta benetan jasotzea izaten dela polita". Gabonei begira, jostailu berri bat erosi beharrean, jostailuei bizi berria emateko modua da Trukegunea Sarea.

Europako Hondakinak prebenitzeko Astearen baitan aprobetxatu dute Trukegunea Sarea aurkezteko. Ander Goikoetxeak adierazi duenez, "helburua jendartea kontzientziatzea da, hondakinen murriztea osagaien berrerabilpenetik hasten delako. Jestu txiki bezala herritarrok egin dezakegun gauza da oraindik erabilgarri ditugun gauzak baina erabiltzen ez ditugunak, erabiliko dituen beste norbaiten esku uztea".

Maria Jose Izagirrek, Andoaingo Udaleko zinegotziak, ere bat egin du kontzientziazioaren ideiarekin. Haurrak eta gazteak jostailuen berrerabilpenaz kontzientziatzeko helburua ere baduela Trukeguneak esan du: "Haurrek eta gazteek ez dezatela soilik buruan eduki jostailu berriarekin jolastu daitezkeela, baizik eta beste norbaitek egoera onean utzitako jostailua ere erabili dezaketela". 

Urtarrilaren 7aren ostean, udal bakoitzak erabaki dezake ekimenarekin aurrera jarraitu nahi duen ala ez. Hauek dira ekimenarekin bat egin duten udalerriak: Amasa-Villabona, Andoain, Tolosa, Beasain, Errenteria, Legazpi, Oiartzun, Oñati, Ordizia eta Zumaia.

Espazio txikia
Trukegunean liburuak, jostailuak eta bestelako materialak uzteko altzaria txikia da, eta badu arrazoia. "Jendeak etxean dituen harribitxiak ekartzea nahi dugu. Ekarri ditzagun gauzak neurtuta", dio Otazak. Objektuak era librean utzi eta jaso daitezke, tarteko ordainketarik egin gabe; beti ere, egoera onean. Ez da beharrezko Trukegunera zerbait ekartzea zerbait eramateko. Honelako materialak utzi daitezke: liburuak, musika diska originalak, etxetresna elektriko txikiak, elektronikako gailuak (mugikorra, irratia, mp3-a, telebista), jostailuak, apaingarriak, musika tresnak, kiroleko eta aisialdiko produktuak...

Ekimenarekin zenbait elkartek egiten dute bat, hala nola Errenteriako eta Andoaingo Gurutze Gorria, Legazpiko Garagun eta Domingo Ikastetxea, Oñatiko Ixutu Begixak elkartea eta Zumaiako Errefuxiatuen harrera taldea.

Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!