Errebote plazan ospatu da Galtzaundi Euskara Taldeak Euskararen Nazioarteko Egunerako proposatu duen ekintzaren aurkezpena, 18:00etan. "Hitzolariak" izena eman dio ekimenari Galtzaundik; herritarrak eta hizkuntza erdigunean jarriz.
Duela bi urte, Euskararen Nazioarteko Egunerako eskualdeko ekintza bateratua proposatu zuen Galtzaundik; eta Tolosaldeko 28 herrian artean "Tolosaldean euskarak 365 egun!!" zioen mosaikoa osatu zen. Iaz, Euskaraldiaren azken egunarekin bat eginez, ariketaren inguruan hausnartzeko baliatu zen euskararen eguna herriz herri.
Amasa-Villabonako alkatea den Beatriz Unzuek azaldu duenez, "urteak dira Amasa-Villabonan euskararen eguna ospatzen dela eta aurtengoan Galtzaundi Euskara Taldeak egin duen ekimen bateratuaren proposamenarekin bat egiten dugu". Jarraian aurtengo legegintzaldian sustatu den parte-hartze prozesuaz mintzatu da, azpimarra eginez herritarron iritziak kontuan hartuz eraiki nahi dutela etorkizuneko Amasa-Villabona. Herrian euskararen normalizazioan lanean jarraitzeko lanean ari direla ere adierazi du Unzuek: "Mahai horren egitekoa izango da Amasa-Villabonan euskararen normalizaziorako dauden arazoak detektatu horiek konpontzeko planak diseinatu, ekintzak martxan jarri eta emaitzen jarraipena egitea. Herriko eragileen laguntza ezinbestekoa iruditzen zaigu herriko hizkuntza politika aurrera eramateko. Euskara mahaiak dagoeneko bi bilera egin ditu, horietako bat euskararen eguna bera prestatzeko, eta ildo horretatik jarraitzea izango da udal taldearen helburua".
"Hitzolariak" ekimena
Herritarrak eta hizkuntza erdigunean jartzea da aurtengoan Euskararen Nazioarteko Egunaren helburua; "horretarako euskararekin ondo pasatzea, eta hizkuntzak ematen dituen aukerekin eta zirrikituekin jolas egiteko ariketa proposatu nahi dugu", esan du Galtzaundi Euskara Taldeko kide den Imanol Artolak.
Hitzolariaren lana jendeak aurretik ezagutzen dituen hitzak, esanahi berria hartu dutenak edota hitz berriak proposatzea dela dio, eta hiru adibide eman ditu: "Gure herrian edo sektore jakin batzuetan erabiltzen diren hitzak beste guztiei zabaltzea; lehendik ere bazeuden hitzak baina orain esanahi berria emanez berrerabiltzea edota hitzen esanahiarekin eta sonoritatearekin jolastuz hitz berriak sortzea.
Plaza digitala eta herriko plazak
"Hitzolariak" ekimena aurrera eramateko bi plaza irudikatuko dira. Batetik, plaza digitala. Euskararen eguna baino lehen eskualdeko ariketarako #Hitzolariak traola zabalduko dute Galtzaunditik; ariketaren jolasa eskualde mailan zabaltzeko. Bigarrenik, herriko plazak. Ideia euskararen egunean herriko plaza edo gune esanguratsuan herritarrak biltzea dela azaldu du Uxoa Elustondo Galtzaundiko kideak. "Herriko gune ikusgarri bat hariz josiko dugu eta ordu jakin batean eta herritarrak bilduko dira hitzolariena egiteko".
Tolosaldeko Hitzolarien hiztegi digitala
Ariketaren bitartez Tolosaldeko Hitzolarien hiztegi digitala sortuko da. Herritarrak plazan biltzean ahalik eta hitz gehien jasoko dira, orrialdeetan hitzak idatziz. "Gure eskualdeko hitz propioak bildu nahi ditugu; eta ez hori bakarrik, euskara hizkuntza bizia dela ikustaraziko dugu; moldagarria eta dibertigarria ere badela argi utziko dugu", azpimarratu du Elustondok.