Egunero irratia piztu edota telebista ikusten dugunean indarkeria matxistaren inguruko berriren bat entzuten dugu. Egunero Interneten murgiltzen garen momentu horretan izen berri bat ikusten dugu. Egunero. Egunero.
Eta egunero entzuten eta ikusten dugun horrek ohitura sortzen du, minaren ohitura, errepresioaren ohitura, beldurraren ohitura.
Gaur ohitura horretatik ihes egitea erabaki dugu eta datu gordinak plazara ekarri nahi izan ditugu. Benetako datuak. Izen propioa duten datuak.
Eta horretarako datu ofizialak baztertu eta indarkeria matxistaren izenean erailak izan diren emakume guztien izenak zabaldu nahi ditugu, genero indarkeri ofizialaren barruan sartzen direnak eta hortik at geratzen direnak ere.
Ez gaituzte erailtzen emazteak garelako, andregaiak garelako. Emakumeak garelako erailtzen gaituzte, bollerak, transak, etorkinak, prostituzioan aritzen garelako. Heteropatriarkatuak hiltzen gaitu, gizonek hiltzen gaituzte! Eta dagoeneko nazkatuta gaude, bide bakarra borroka dugu. Gora autodefentsa feminista!