Kilometroak 2020

"Aurtengo prozesua oso aberasgarria izan da, parte-hartzailea eta irekia"

Ainhoa Arozena 2019ko aza. 27a, 14:44

Ana Santamaria, Gaizka ezeiza, Mikel Egibar eta Nerea Zumeaga, Zentroko eraikinaren atarian.

2020ko Kilometroak jaiak badu berezitasun bat. 43 urteko bidearen ondoren, jaiaren eredua aldatu egingo baita. Lau urte pasatxoko hausnarketa prozesua egin dute Ikastolen Elkarteko kideek erabaki hori hartu aurretik.

Bada, martxan dira dagoeneko eta 2020. urtea, eraldaketa urtea izango da. Amasa-Villabona eta Zizurkilgo Zubimusu ikastolari erronka bikoitza egokitu zaio, beraz; jaia antolatzearekin batera, eredu berriari lotutako lehen Kilometroak jaia berrasmatu beharko baitute.

Erronka horren aurrean, Mikel Egibar Kilometroak Kultur Elkarteko koordinatzaileak, Gaizka Ezeiza Zubimusu ikastolako Kilometroak jaiaren koordinatzaileak, Nerea Zumeaga Zubimusu ikastolako zuzendari gerenteak eta Ana Santamaria Zubimusu ikastolako zuzendari pedagogikoak hartu dute hitza:

Zergatik ekarri nahi zuen Zubimusu ikastolak Kilometroak jaia herrira?
Nerea Zumeaga: Alde batetik, ikastola eredua indartu egin nahi dugulako gure bailaran, baita komunitatea ere eta, herriari ikastola ireki egin nahi diogulako, ‘ikastola herritik eta herriarentzat’ leloarekin bat eginez. Ikastolaren etorkizunari begira, bi helburu dira garrantzitsuak: batetik, komunitate sendoa edukitzearen helburu soziala, eta bestetik, ikastolaren proiektu berritzaileak aurrera eraman ahal izateko, helburu ekonomikoa.
Mikel Egibar: Esleipenak ikastolaren errealitatearekin egin du bat; doikuntza eta hobekuntzarekin. Zubimusu ikastolak eta Kilometroak jaiak daramaten bideek momentu berean egin dute bat.

Aurreko ikasturtean hasita ari zarete lanean. Nola abiatu duzue bide hori?
Ana Santamaria: Joan zen urtarrilean hasi ginen lanean. Hastapen taldea martxan jarri zen lehenik eta prozesu parte-hartzaileen bidez eman ditugu ondorengo pauso guztiak.
N. Z.: Zubimusu ikastolaren inguruan bazegoen halako ekimen bat martxan jartzeko gogoa eta oso erantzun ona jaso dugu; ilusio handiarekin sumatzen dugu jendea. Lan-karga baino, gogoz hartu du ikas-komunitateak Kilometroak jaia antolatzeko ardura. Argi ikusi zen hori, prozesua abiatzeko antolatu ziren pintxo-tertuliatan eta baita geroztik martxan jarri diren batzorde ezberdinetan ere.
Gaizka Ezeiza: Jende asko batu da batzordeetara eta gogoz ari da lanean. 200 bat lagun ari gara une honetan jaiaren inguruan.
M. E.: Aurtengo prozesua oso aberasgarria izan dela nabarmenduko nuke. Oso parte-hartzaile eta irekia lehen momentutik; ikasle, guraso, langile…, adin ezberdineko pertsonei egokitua. Baina, horrez gain, herriko eragileekin batera ere aritu gara lanean. Oso prozesu ireki eta zabala izan da, goraipatzeko modukoa. Eta hori ez da erraza izaten; forma eman arren, beti ez baita iristen helburu horretara. Kasu honetan oso ondo bete da eta horrek asko laguntzen du gerora begira, jendearen inplikazioa eskatzeko unean.

Zein ezaugarri nabarmenduko zenukete eredu berriari begira antolatuko den lehen Kilometroak jaian?
N. Z. eta A. S.: Oinarria, ilusioa eta aldatzeko gogoa direla uste dugu. Eta hori badaukagu. Momentuz, hainbat gauza finkatuta badugu ere, guztion artean egingo dugu bidea, pixkanaka.
G. E.: Aurrera egiteko beldur gutxi dugu gure artean eta horrek asko laguntzen du pausoak ematen.
M. E.: Orain lau urte eta erdi eredu berriaren inguruan lanean hasi ginenean, lehen astean jada, nolakoa izango ote zen galdetzen ziguten batzuek, eredua gordeta izango bagenu bezala. Baina ez, ez daukagu. Lau urtetan, ziurgabetasunaren elementua kudeatzen ibili gara, definitu gabeko bidean barrena. Eredu zaharra oraingoa baino zurrunagoa zen, egin beharreko lan guztiak zehaztuta zeuden aurreko urteetako memoriatan oinarrituta. Egoera berri hau irekiagoa da eta Zubimusu ikastolak, bide berri horri erantzuteko gogoa eta gaitasuna baduela erakutsi du. Gauza bera gertatu zen 2018ko Milimetroak jaiarekin ere. Esperimentua izan zen guztiz, baina oso emaitza onak eman zituen.

... Elkarrizketa osorik, 549 Aiurri hamaboskarian...

-----------------------------------------------------------------------------------------------------

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.
  • Zizurkil: Ogi-zuri okindegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!