Berdintasuna sustatzeko ekintza plana osatzea adostu du Udalak

Aiurri 2019ko aza. 27a, 15:48

Astearte iluntzeko udalbatzaren osoko bilkuran, Amasa-Villabonako Udalak konpromiso garrantzitsuak hartu zituen aho batez onartutako bederatzi puntuko adierazpenean. Besteak beste, 2020an genero berdintasuna sustatzeko ekintza plangintza bat garatzeko 30.000 euroko diru-partida bat zabaltzea eta prozesu bat abiatzea berdintasun teknikari bat Amasa-Villabonan lanean egon dadin.

1.- Amasa-Vilabonako Udalak, Emakumeen Munduko Martxak bultzatutako indarkeria matxistaren aurreko erantzun-protokoloa bere egiten du.

2.- Amasa-Vilabonako Udalak Foru Aldundiari eta Emakunderi eskatzen die emakume eta gizonen arteko berdintasunaren alorreko aurrekontu-partidak handitzeko, berdintasun-zuzendaritzak eta epaitegi espezializatuak modu iraunkorrean sendotzeko eta indarreko legeria berraztertzeko konpromisoa hartzeko.

3.- Amasa-Vilabonako Udalak herritarrentzako, eta bereziki emakumeentzako, dauden baliabideen gaineko informazioa eskuratzeko bideak erraztuko ditu eta dagokion lurralde mailan, indarkeria matxistaren kontrako zerbitzu-sarearen funtzionamendu egokia, elkarlana eta koordinazioa bultzatuko du, beti ere, kontuan hartuz adin txikikoak eta biktimen seme-alabak.

4.- Amasa-Vilabonako Udalak, neskei, gazteei eta emakume helduei zuzendutako jabekuntza jarduerak abiatuko ditu, besteak beste ondorengo gaiak jorratu ahal izateko modu iraunkorrean: autodefentsa feminista, bikote harremanak eta harreman sexu-afektiboak, amodio erromantikoak, sexualitate libreak, etab.

5.- Amasa-Vilabonako Udalak, nerabeei eta gazteei zuzendutako sentsibilizazio eta formazio jarduerak iraunkorrak abiatuko ditu emakume eta gizonen arteko harreman parekideak sustatzeko xedez, zehazki: hezkuntza sexu-afektiboa lantzeko, indarkeria matxisten askotariko adierazpenak desnaturalizatzeko, baiezko onespena lantzeko, maskulinitate ereduak lantzeko, errespetua landuz etab.

6.- Amasa-Vilabonako Udalak, indarkeria matxista jasan duten emakumeen erreparazio eskubidea lantzeko jarduera iraunkorrak martxan jarriko ditu besteren artean, omenaldiak, zineforumak, bisibilizazio ekimenak (kaleen izenak edo jardunaldiak, kasu), kalte-ordainketak, akonpainamendu soziala, etab. jasoz.

7.- Amasa-Vilabonako Udaletik, borroka feministaren alde hartu dugun konpromisoa berretsi nahi dugu, indarkeriarik gabeko gizarte demokratiko bat eraikitzeko bide eta tresna nagusia den heinean.

8.- Amasa-Vilabonako Udalak, politika feminista aktiboa garatzeko konpromiso irmoa du eta horretarako baliabide ekonomiko eta giza baliabide nahikoak bideratuko ditu. Horrela, berdintasuna sustatzeko 30.000 euroko diru partida ezarriko du 2020. urterako eta aldi berean Amasa-Villabonan lan egingo duen berdintasun teknikari bat izateko urratsak emango ditu.

9.- Amasa-Vilabonako Udalak bat egiten du mugimendu feministak azaroaren 25erako deitutako mobilizazioekin eta jendarte osoari ere dei egiten dio mobilizazio horretan parte har dezan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!