Olentzaroaren Bidean murgiltzeko aukera, Aranerrekan

Ainhoa Gil 2019ko abe. 7a, 10:17

Ilustrazioa: Olaia Zapirain.

Abenduan sartu gara eta Eguberriak gerturatzen ari dira dagoeneko. Oporraldia hartu eta opari mordoxka jasotzeko garaia; horixe da Eguberria egungo haur eta gaztetxo gehienentzat. Kontsumismoak bultzatutako irudi hori aldatu, eta Euskal Herrian Eguberriak jatorrian zuen esanahia berreskuratzen hasteko asmoz, ekimen berezia antolatzen ari dira, elkarlanean, Amasa-Villabonan.

*Erreportajea osorik: Aiurri hamaboskariaren 550 zenbakian.

 

Abenduaren 22an, igandearekin, ibilbide berezia antolatu dute Aranerrekan barrena; Olentzaroaren Bidea. Aspaldiko euskal usadioak, ohiturak, sinesmenak, koplak edota esaera zaharrak izango dira ibilbideko ardatz nagusiak, natura eta euskal kultura ardatz hartuta.

Etxeondotik abiatu eta Arantzabira bitarte, pertsonaia eta ohitura ezberdinak irudikatuko dituzte, hiru ordu laurden iraungo duen ibilbidean zehar. Olentzero bera ere agertuko da ibilbidean zehar. Harentzat prestatutako gutunak eraman ahal izango dituzte haur guztiek, bere bordaren aurrean uzteko. Buru-belarri ari dira prestaketa lanetan.

Txandak eta izen-emateak
Txanda ezberdinak antolatu dituzte. Abenduaren 22an, igandearekin, arratsaldeko 17:00etan abiatuko dira lehendabiziko bisitariak eta ordu erdiko tartearekin hurrengoak, sei txanda osatu arte.

Izena eman ahal izateko, Villabonako Zunbeltz elkartera gerturatu beharko da, abenduaren 11, 12 eta 13an, arratsaldeko 16:30etik 18:30era. Hiru eta bederatzi urte arteko haurrei zuzendutako ekimena da eta adin horretako ume eta gaztetxoek bakarrik eman ahal izango dute izena.

Abenduaren 22an, kriseilu bana hartuko dute eskuan ibilbidean barrena abitzerako. Izan ere, urte garai horretan izaten dira gaurik luzeenak, eta laster etorriko da iluna. Haurrei laguntzeko, helduek ere joan ahal izango dute ibilbidea egitera, noski. Nolanahi ere, haur eta gaztetxoei eman nahi diete lehentasuna. Natura bizitu, Olentzaroa zer den ezagutu, desioak utzi, sorgin, ikazkin eta galtzagorriak ikusi, txondorra ikusi... Berehalakoan ahaztuko ez duten bizipen ederra biziko dute txikiek.

Arratsaldeko azken txanda, 19:30etan abiatuko da Etxeondotik eta helduei zuzendutakoa izango da. Modu horretan, ibilbidea egin nahi duten herritar guztiek izango dute aukera hori, etxean haurrak izan, edo ez.

40-50 pertsonako taldeak osatuko dira txanda bakoitzean. Errekaren albotik pasatzen den ibilbidea denez, segurtasunagatik mugatu dute parte-hartzaile kopurua. Baita taldeko kide guztiek ibilbidean zehar aurkituko dituzten pertsonaien esanak ondo entzun eta ikusteko aukera izan dezaten ere.

Kantu-erronda abenduaren 24an
Aspaldiko ohitura da abenduaren 24an kantu-errondak egitea. Amasa-Villabonako bi ikastetxeek euren aldetik egin ohi zuten erronda hori, goizez. Bi ikastetxeak elkartu eta erronda bakarra antolatzeko gogoa eta asmoa aspaldikoa zen herrian eta aurten, erronka horri eustea erabaki dute.

Garazi Bengoetxea kultur zinegotziak aipatu duenez, "garrantzitsua iruditzen zitzaigun ikastetxeen arteko banaketarekin haustea. Horretarako, goizetako kantu-erronda horiek alde batera utzi, eta arratsaldean guztiak batera ateratzeko proposamena luzatu genien ikastetxeei. Baiezkoa eman ziguten eta aurrera egin genuen".

Eguberrietako kantuen aukeraketa bat egin, eta herriko bi ikastetxeei luzatu zieten, haurrek kantuak ikas ditzaten. "Aukeraketa hori pixka bat orraztu ondoren, haurrak ari dira dagoeneko entseguetan".

Abenduaren 24an, arratsaldeko 16:15etan jarri dute hitzordua, Errebote plazan. "Ez da ikastetxeetako haurrei bakarrik zuzendutako deialdia. Herri-erronda izatea nahi dugu, guztiei irekia". Paperak banatuko dituzte egunean bertan, abestien letrekin.
Errebote plazatik atera, eta Kale Nagusian behera Irualdetaraino joan ondoren, Kale Berrian barrena, Etxeondoraino joango da kantu-erronda.

Olentzero
Etxeondo inguruan batuko zaizkie Olentzero eta Mari Domingi. Astoak tiratako gurdiaren gainean iritsiko dira bertara.

Garazi Bengoetxeak azaldu duenez, "herrigunerako bidea hartuko du ondoren taldeak. Santio egoitzan geldialdia egingo dute. Zenbait kantu abestuko dute bertan, eta Olentzero eta Mari Domingi sartu egingo dira bertako egoiliarrak eta langileak agurtzera.

Zentroaren alboko Amalurra plazan amaituko da kantu-erronda herrikoia. Hantxe izango dute haurrek Olentzero eta Mari Domingi agurtu eta azken orduko eskaerak egiteko aukera.

Goizean, triki-poteoa
Abenduaren 24an herrian izaten den giroari eusteko, triki-poteoa antolatu dute. "Ikastetxeetako haurrak kalez kale ibiliko ez direnez, herria nolabait alaitu behar genuela pentsatu genuen. Jota eta Liernirekin hitz egin, eta haiek triki-poteoa alaitzeko prest agertu ziren", azaldu du Garazik.

Eguberriko kopla berria
Kantu-errondarako Gabon abesti berria sortu dute. Oihana Iguaranek jarri dizkio hitzak, Iñaki Zalakainek doinua:

Olentzaroa heldu da
Neguko egun motza
Gaur opari paperean
Bildu dugu ahotsa.

Elkarrekin bildu gara
Lagun talde bikoitza
Txaloka uxatzen dugu
Eskuetako hotza.

Lagunei belarrira
Bihurrikeriak kontatu
Ikatz gozoa janez
Gure ondokoa besarkatu.

Loatzo bezain altu
Iritsiz nahi dugu kantatu
Oria bezain zabal
Bustiz herri osoa hartu.

Amasa-Villabona
Kantura atera
Gabonak ospatzeko
Denok batera (bis).

-----------------------------------------------------------------------------------------------------

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.
  • Zizurkil: Ogi-zuri okindegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!