Euskararen Nazioarteko Eguna 2019

Hitz berriak nahiz zaharrak irakurri eta zintzilikatu dituzte ikasleek Malkar plazan

Aiurri 2019ko abe. 3a, 13:00

Arratsaldean herri mailako ekimena antolatuko da. 18:30ean herriko elkarteak eta herritarrak bilduko dira Malkar plazan eurak ere beren hitzak harian zintzilikatzera.

Fleming herri eskolako, Erniobea institutuko eta Zubimusu ikastolako ikasleak Malkar plazara hurbildu dira, eta bertan euskarazko hitz berriak nahiz lehendik sortuak direnak idatzita eraman dituzte koloretako orrietan.

Iñigo Otaegi billabonatarrak egin ditu aurkezle lanak, irribarretsu eta umore kutsuarekin. Gazteak beregana joan eta mikrofonoan ozen esan dituzte orrietan idatzita eraman dituzten hitzak, esaterako, piririka, akeita, morkotsa, karramarroa, hiltamu, iganbata, apotea, antusiña, antxitxika, partanak, mutxine, antoxina, gorraitzea, astopista, zerrazuia, zamuka... eta beste hainbat. Irakurri ostean, pintza txikien laguntzaz zintzilikatu dituzte farolen artean ezarritako soketan.

Amaieran, "Euskaraz bizi nahi dut" izeneko abestia abestera eta dantzatzera gutxi batzuk baino ez dira animatu.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!