Iritsi da. Urte bete pasa da azken ekitalditik eta hamar Antton Pebet Behar Zanako pilotari zena hil zenetik. Aurtengoan zortzigarren ekitaldia jokatuko da eta parte-hartzaileak, beste behin ere, afizionatu mailako onenak izango dira. Oraingo honetan, iaz txapeldun izan zen Salaberriak ez du jokatzerik izango, Aspe enpresarekin profesionaletara jauzia egina baitu orain gutxi. Hala ere, aipatu bezala, eskuz ari diren nagusi mailako pilotari onentsuenak Villabonako Bear Zana pilotalekuan ikusi ahalko dira.
Aste honetan final zortzirenak jokatuko dira. Ostegunean 19:00etan hasiko den jaialdian, lehen partidan Gelis-Aranguren bikoteak jokatuko du. Horiek Oreretako Eple taldearen izenean jokatzen dute egun, baina txapelketa honetan jokatzeko txartela Amezketako Zazpiturri taldearen izenean jokatu zutenean irabazi zuten, Santio Txapelketan txapela lortu baitzuten pasa den uztailean. Beraien aurkariak Hernaniko Arrieta eta Alegiko Irazustabarrena izango dira. Arrieta torneo honetan finkoa da duen mailagatik eta emaitza onak lortu izan dituelako beti. Atzelari Irazustabarrenak jokatuko du, bi esku eder ditu eta partida honetan faboritoak beraiek izango dira.
Bigarren partidan, Eneko Labaka albiztuarrak eta Arbizu nafarrak jokatuko dute Azpeitiko Alberdi (Jon Profesionalaren anaia) eta Urruzola asteasuarraren aurka. Ikusmina sortu du Alberdiren parte-hartzeak, indartsu datorren gaztea delako eta egungo Gipuzkoako txapelduna delako lehen mailan, hain justu finala Urruzola eta Santxoren aurka irabazita erakustaldia emanda. Partida borrokatua izatea espero da. Labakak azken urteetan beti jokatu du torneo honetan, afizionatu mailako pilotari onenetakoa baita. Urruzolarekin batera, Garfe enpresan ari da azkenaldian.
Ostiralean berriz, Behar Zanako hiru pilotarik jokatuko dute. Lehen partidan, Antton Pebet zenaren bikote Lizasok jokatuko du Aldave nafarrarekin batera. Lizasok azken urteetan ez du jokatu txapelketa baina Anttonen heriotzaren hamargarren urteurrenean Bear Zana pilotalekuko kantxan izango da. Aldave oso pilotaria den atzelaria da, pilota astintzen badakiena eta bikote ona egitea espero da. Ez dituzte aurkari makalak izango. Aurrean Tolosako Ioritz Egigurenek jokatuko du, pilotari indartsua eta atzelari Telletxea Albiztukoa izango da. Azken horrek ia urtero jokatu du Anttonen txapelketan, txapela behin baino gehiagotan irabazi duelarik. Beraz, faborito bigarren horiek ageri dira, nahiz eta Lizasok eta Aldavek sorpresa emateko gaitasuna duten.
Bigarren partidan, Behar Zanako pilotari diren Urbieta anaiek jokatuko dute. Biak aurrelariak diren arren, Jonek atzetik jokatuko du eta Xabierrek aurretik. Jonek maila handia eman du atzelari gisa, Lizasorekin bikote jokatuta; eta Xabier, Garfen ari den pilotaria, joko bolada oso onean dago, Egiako torneoa irabazi berri du, esaterako. Aurkariak Kanabal eta Irurita nafarrak izango dira. Bi gazte jotzaile eta txapelketa on gehienetan maila handia ematen daudenak. Beraz, partida borrokatua espero da.
Final laurdenetako partidak abenduaren 14 eta 15ean jokatuko dira, 11:00etan.
Sarrera doakoa izango da eta saski ederrak zozketatuko dira txapelketa antolatzeko gastuei aurre egin ahal izateko.