Iñigo Otaegik gidatu zuen, eguerdikoa bezala, Malkar plazako iluntzeko saioa ere. Hitz zaharrak berrituz edota berriak asmatuz..., hizkuntzarekin jolas egitera animatu zituen bertaratutako herritarrak. Eta sarean zintzilikatutako hitz askoren berri ere eman zuen. Eresargi Txiki abesbatzako kideek bi kantu eskaini zituzten eta beste bi Loatzo musika eskolako txistulariek ere. Malkar astialdi taldeko kideek ere hartu zuten parte ekitaldian, hainbat hitzen berri azalduz.
Hitzolariak ekimenaren baitan, Tolosalde mailan jaso diren hitz guztiekin hiztegi bat osatzeko asmoa iragarri zuen Otaegik, paperean nahiz edizio digitalean eskuragarri izango dena.
Pintxoak janez eta 'Behin betiko' kantua abestuz amaitu zen iluntzeko ekitaldia, norbanako eta elkarte ezberdinek parte hartu zutena. Dei argia egin zuen amaieran Iñigo Otaegik, Euskararen Nazioarteko Egunean ez ezik, herritarrak urteko gainerako 364 egunetan ere euskaraz aritzera gonbidatuz.