Bost kidek osatzen dute BiHozkada taldea. Iñaki Lizasorena da ahots nagusia eta gitarra; Tomas Lizardik gitarra jotzen du eta korua da; Nahikari Calleja baxuaz arduratzen da eta korua ere bada; Txomin Urdanpilleta bateria-jotzailea da, eta Unai Aldasorok teklatua eta biolina jotzen ditu.
Zein sentsazio dituzue behin lana eskuartean edukita?
Iñaki Lizaso: Prozesu bat darama guztiak. Ilusio handiarekin egindako lana da, eta egia esan emaitzarekin oso pozik gaude, azaletik hasi eta musikara arte.
Non du sorleku “Zure aurrean” lanak?
I. L.: Usurbilen. Ixak Arruti musikariarekin nengoen gitarra jotzen Alex Tello aktorearen deia jaso zuenean, emanaldi batean joko ote zuen galdetzeko. Goraintziak bidaltzeko esan nion; bera nitaz oroitu eta kontzertu horretan ere joko ote genuen proposatu zigun, Sutegin Usurbilen. Orain dela urtebete izango zen. 2016an Bonberenean grabatu genuen maketa eman genion, eta horko abesti bat asko gustatu zitzaion “Galerak” izeneko bere proiektuarentzat. Disko bat atera zuen eta gure kantuetako bat “Pirata lagun” bertarako egokia zela pentsatu zuen. Letra aldatuta grabatuarazi zigun,Mutrikun Axularrekin. Han grabatzen ari ginela, abesti mordoa bagenuela eta, grabatzearen pausoan pentsatu genuen. Produktore ezberdinekin hitz egin eta gero, Fredi Pelaezekin Beasaingo Pottoko estudioetan grabatzea erabaki genuen.
Nolako eboluzioa eduki dute abestiek Pelaezen estudiotik igaro ostean?
Nahikari Calleja: Egia esan eboluzio handia izan dute bai abestiek eta baita guk ere. Fredik emandako aholku eta trukoen bitartez askoz ere soinu hobea dute abestiek. Emaitza polita atera delakoan nago. Oso pozik gaude.
Beraz, zuek musikalki aberasteko ere balio izan du estudiora joateak...
I. L.: Gogoan dut Tomas gitarra ondo jotzen ari zela, eta oraindik eta hobeto aterako zitzaiola bazekiela Fredik. Zukua ateratzen zion guztiari. Pazientzia handia izan du, eta asko irakatsi digu.
Norena izan da diskoko azalaren sormen lana?
N. C.: Egilea nire ahizpa da, Janire Calleja. Bere ideiaren barne tanta batzuk gara, eta hor formak agertzen dira. Gu gara horiek. Sokak ere izan gaitezke; izan ere,sokako taldea gara: baxua, bi gitarra eta biolina. Azalaren barnean sokak ikusten dira, eta soken arteko elkarketa... Abestiak entzutean hortik jotzea erabaki zuen.
Abenduaren 13an aurkeztuko duzue lana Gurea Zineman. Ezer aurreratzeko moduan?
Txomin Urdanpilleta: Polita eta musikalki interesgarria.
I. L. : Kantu berriei eman nahi diegu garrantzia, eta gure ibilbideko beste hainbat kantu ere abestuko dugu. Nahiko genuke bertsioren bat edo beste sartu, baina denboraren araberakoa izango da hori. Gustatzen zaiguna egiten dugu, eta horixe da sortzen duguna. Bakoitzak bere musika zaletasunak ditu. Gure musika ez da egun gehien saltzen dena; baina askotan esan izan digute orain dela 20 urte bestelako oihartzuna edukiko lukeela.
Non izango da zuek zuzenean ikusteko eta entzuteko aukera?
I. L.: Urtarrilean Tolosako Bonberenean eta Donostiako Dokan, Habirekin batera. Kontzertu gehiago ere etorriko dira.