Antton Pebet memoriala 2019

Asteburuan jokatuko dira Antton Pebet memorialeko final-laurdenak

IƱaki Lizaso 2019ko abe. 13a, 10:00

Labaka eta Arbizu final-zortzirenetako bigarren partidan.

Pasa den asteburuko irabazleek fase buruen aurka jokatuko dute eta bi partida egunez aldatu behar izan ditu antolakuntzak, nahiz eta egutegiko adarrak errespetatuko diren.

Larunbatean, Santxo usurbildarrak eta Elizegi asteasuarrak txapelketan sartuko dira. Aurkariak Arrieta eta Irazustabarrena izango dira. Bi aurrelariak azken urteetan afizionatu mailan onenen artean egon dira eta hala egoten jarraitzen dute. Aspaldiko ezagunak biak, bikote gisa ere jokatu zuten Memorial Pebet torneoan. Bi pilotari beterano, erremate-defentsa-kolpe bikainekoak biak. Atzean, berriz, bi gazte izango dituzte. Santxoren atzelaria jotzailea da oso. Elizegik aurrekontratua sinatua badu Baikorekin eta laster profesionaletan joka dezakeen pilotaria dugu. Irazustabarrena, berriz, ez da hain jotzailea, baina lan asko egiten duen pilotaria da. Partida borrokatua espero da.

Bigarren partidan, Exposito eta Lizeagak bikote gisa jokatuko dute. Gipuzkoako txapelketan hala jokatu dute Hernaniren izenean. Txapelketaren lehen publikazioetan ez zeuden batera kokatuta, baina antolakuntzak elkartu egin ditu sortu diren aldaketa batzuen ondorioz. Bikote oso indartsua osatzen dute astigarragarrak eta hernaniarrak. Aurkariak Murua eta A. Elizegi izango dituzte. Bergarako aurrelariak bikain jokatu zuen Urbieta anaien aurka eta gauzak zail jarriko dizkio Expositori. A. Elizegik berriz defentsan aritu beharko du hasiera batean kolpez gehiago baita Lizeaga. Hasiera batean pittin bat faboritoago ageri dira Exposito eta Lizeaga.

Igandean Huarteko taldetik jokatzen duen Espinal eta Burlatako taldetik dabilen Alduntzin nafarrek jokatuko dute bikote. Aurrelari nafarra gazteetan arriskutsuenetakoa da, ezker bikainekoa eta errematatzaile fina. Atzelaria, berriz, oso segurua da eta atzelarien artean onenetakoa berau ere. Aurkariak Ioritz Egiguren tolosarra eta Telletxea albiztuarra izango dira. Partida irekia espero da, Egiguren kolpez gehiago behar luke izan berez eta Telletxea joko bolada bikainean baita.

Bigarren eta asteburuko azken partidan Eneko Labaka albiztuarrak eta Arbizu Irurtzungoak jokatuko dute. Labaka artista da eta aurreko asteburuan tanto bikainak egin zituen. Atzean, berriz, Arbizuk bikain eta ikusgarri astidu zuen pilota. Aurkariak, ordea, ez dira makalak izango.

Txapeldun izandako biek batera jokatuko dute. Aurrean Andoni Ugalde oiartzuarra izango da, Asperekin kontratua etenda berriz afizionatutan dabilena. Pebet txapelketa irabazi zuen, hain justu, Telletxearekin. Atzean, berriz, iazko txapelduna, Balerdi izango da. Iaz txapeldun izan zen Salaberriarekin, orain gutxi Baikorekin debuta egin duen aurrelariarekin. Beraz, ikusmin handia sortuko duen partida izango da azken hori.

Final-laurdenak

Abenduak 14, larunbata
Ordua: 11:00
Santxo-Elizegi
Arrieta-Irazustabarrena

Exposito-Lizeaga
Murua-A. Elizegi

Abenduak 15, igandea
Ordua: 11:00
Espinal-Alduntzin
I. Egiguren-Telletxea

E. Labaka-Arbizu
Ugalde-Balerdi

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!