Lander Etxeberria Oria merkatari elkarteko kideak hitza hartu eta Gabon garaia, merkatariek ilusioz bizi duten garaia dela esan du. Orain bi urte bezala, Udalarekin batera piztuko dituztela kaleak apaintzeko Gabonetako argiak. Eta horrez gain, aipatu ilusio horrek bultzatuta, urtero bezala, hainbat ekimen antolatuko dutela aurten ere herrian nahiz bertan erosketak egiten dituzten bezeroei zuzenduta: zozketak, 125 euroko zortzi erosketa-bono, apaingarriak, haurrentzako barrakak...
Beatriz Unzue alkateak, bere aldetik, herrian merkatariek egiten duten lana nabarmendu du eta herritarrak herriko saltokietan erosketak egitera animatu ditu, herria bizirik manten dadin. "Piztu ditzagun argiak, herria itzal ez dadin" esan, eta hainbat merkatariren laguntzarekin botoia sakatu ostean, batera piztu dira Gabon giroko hainbat apaingarritako argiak.
Herritar ugari gerturatu da Berdura plazako ekitaldira eta gaztain erreak janez nahiz txokolate beroa dastatuz eman diote bukaera, aho-zapore onarekin.