Antton Pebet memoriala 2019

Antton Pebet memorialeko final-laurdenak jokatzen ari dira asteburuan

Aiurri 2019ko abe. 14a, 16:16

Igandean beste bi partidu jokatuko dira 11:00etan hasita. Lehen partiduan Espinal-Alduntzin bikotea I. Egiguren-Telletxea bikotearen aurka; bigarren partiduan, berriz, E. Labaka-Arbizu bikotea Ugaldea-Balerdi bikotearen aurka. Iñaki Lizasok partiduen inguruko kronika idatzi du.

Ordubete pasatxoko partidua izan da Santxo-I. Elizegi eta Arrieta-Irazustabarrena bikoteen artekoa. Azkenean gorriak irten dira garaile, tartean Elizegi asteasurra, 22 eta 21eko markagailuarekin. Partidu gogorra izan da, tanto luzekoak.

Bigarren partidua, berriz, ordubetekoa izan da, eta bertan ere gorriak irten dira garaile: Exposito eta Lizeaga. Aurkari Murua eta A. Elizegi izan dituzte. Gorriak partidu guztiak zehar irabazten joan badira ere, urdinek aurreratzea lortu dute tanto batzuetan berdinketa lortuaz; baina azkenean gorriak iritsi dira lehenengo 22 tantora. Urdinak 18 tantorekin geratu dira.

Igandeko partiduen kronika
Behar Zana elkarteko kide eta pilotari den Iñaki Lizasok ondorengo kronika idatzi du igandean jokatuko diren partiduen inguruan:

Igandean Huarteko taldetik jokatzen duen Espinal eta Burlatako taldetik dabilen Alduntzin nafarrek jokatuko dute bikote. Aurrelari nafarra gazteetan arriskutsuenetakoa da, ezker bikainekoa eta errematatzaile fina. Atzelaria, berriz, oso segurua da eta atzelarien artean onenetakoa berau ere. Aurkariak Ioritz Egiguren tolosarra eta Telletxea albiztuarra izango dira. Partida irekia espero da, Egiguren kolpez gehiago behar luke izan berez eta Telletxea joko bolada bikainean baita.

Bigarren eta asteburuko azken partidan Eneko Labaka albiztuarrak eta Arbizu Irurtzungoak jokatuko dute. Labaka artista da eta aurreko asteburuan tanto bikainak egin zituen. Atzean, berriz, Arbizuk bikain eta ikusgarri astidu zuen pilota. Aurkariak, ordea, ez dira makalak izango.

Txapeldun izandako biek batera jokatuko dute. Aurrean Andoni Ugalde oiartzuarra izango da, Asperekin kontratua etenda berriz afizionatutan dabilena. Pebet txapelketa irabazi zuen, hain justu, Telletxearekin. Atzean, berriz, iazko txapelduna, Balerdi izango da. Iaz txapeldun izan zen Salaberriarekin, orain gutxi Baikorekin debuta egin duen aurrelariarekin. Beraz, ikusmin handia sortuko duen partida izango da azken hori.

Abenduak 15, igandea
Ordua: 11:00
Espinal-Alduntzin
I. Egiguren-Telletxea

E. Labaka-Arbizu
Ugalde-Balerdi

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!