Pentsiodunak: "Prest gaude behar den denbora kalean jarraitzeko"

Aiurri 2019ko abe. 16a, 14:07

Abenduaren 23an Tolosan izango dira pentsionistak beren pentsioak aldarrikatzen. Pentsiodun orori bertaratzeko gonbita luzatu diete.

"Ekintzak nahi ditugu, ez hitzak". Hitz horiekin hasi dute pentsiodunek eguerdian beren agerraldia manifestazioan abiatu aurretik, Berdura plazan. Pentsio publiko duinak eskatzen jarraituko dutela adierazi dute: "Gaur, abenduak 16, oraindik ez dakigu urtarrilean zein izango den gure pentsioa. Estatuko gobernuak izan ditu aukerak 2018ko maiatzetik aurrera, gure pentsioen errebalorizazio automatikoa legez bermatzeko, eta ez du horrelakorik egin. 2010eko eta 2012ko lan erreforma eta 2011 eta 2013ko pentsio erreforma alderdi atzerakoiak indargabetu ahal izan ditu. Gutxieneko pentsioa 1.080 eurora igotzeko aukera izan du eta lanbide arteko gutxieneko soldata 1.200 eurora, Europako Gutun Sozialaren exijitzen duenaren arabera".

Erreforma horiek "berehala" indargabetu behar direla diote pentsiodunek, soldatak nabarmen hobetuz. "Prest gaude behar den denboran kalean jarraitzeko. Astelehenero Euskal Herriko geroz eta herri gehiagotan manifestatzen jarraituko dugu, eta gure herrietako eta hirietako kaleak beteko ditugu. Urtarrilaren 30eko greban parte hartuko duten eragile sozial eta sindikalen konpromisoak babesten ditugu, eta aktiboki babesten dugu erakunde sozial, sindikal, ikasle eta emakume gehienek deitutako greba orokorra".

Honela amaitu dute beren aldarrikapena pentsionistek: "Batasuna da gure indarra, eta mobilizazioa gure berme bakarra. Pentsionistak aurrera!". Aldarrikapen horien ondoren abiatu dira manifestazioan Kale Nagusitik barrena, eta Malkar plazan amaitu dute protesta.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!