Amasa-Villabonako EH Bilduren oharra, Legarretako zubiaren obrak direla eta

Aiurri 2019ko abe. 19a, 10:26

Gipuzkoako Foru Aldundiak egindako Legarretako (Sacemgo) zubiaren obrak amaitzear dauden honetan, Amasa-Villabonako EH Bildu oso kritiko agertu da lortutako emaitzarekin.

Zubia zabaltzeko 500.000 eurotik gorako inbertsioa egin eta gero, trafikoari edo ibilgailuen mugikortasunari dagokionez, aurreko egoera hobetu beharrean, egoera okertu egin dela pentsatzen dugu. Ulertezina iruditzen zaigu zubi hori zeharkatzen duen errepidea bi norabidetakoa izanik, zubia zabaldu ondoren bi auto aldi berean pasatzea ezinezkoa izatea. Argi dago zubi horrek oinezkoentzako espaloi bat beharrezkoa zuela eta dudarik gabe horretan hobetu egin da, baina zubia zabaltzen hasita, ez al zen posible bi beharrak (bi norabidetako errepidea eta espaloia) uztartzea? Tamainako inbertsioa egin ondoren, tamalgarria da helburu hori ez lortu izana.

EH Bildutik argi utzi nahi dugu egungo udal gobernua osatu zenerako, obra hau onartua, esleitua eta martxan zegoela eta EH Bilduko udal gobernuari ondorioz ezinezkoa izan zaiola proiektuan inolako aldaketarik txertatzea. Aurreko udal gobernuak ordea, denbora izan zuen proiektua aztertzeko eta zuzenketak planteatzeko, baina ez zuen ezertxo ere egin proiektua hobetzeko eta gure herriaren interesak defendatzeko. Hori bai, PNVk udal hauteskundeetako kanpainaren erdian obraren ardura bere udal gobernuarena balitz bezala saldu nahi izan zuten, obra beraiengatik hasi zela harro aldarrikatuz.

Amaitzeko, Legarretako zubiaren egungo egoera kontutan hartuz gure udal gobernuak irtenbideak bilatzeko fase bat zabalduko du, udaltzaingoaren eta hirigintza saileko teknikarien parte hartzearekin. Izan ere, zubiaren egitura berriak zirkulazio arazoak sortuko dituela aurreikusten dugu, eta arazo horiei aurre egin beharrean aurkituko gara.

2015-2019ko PNVren udal gobernuaren beste herentzia ustel bat.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!