"Beharren arabera egokitu beharko lirateke etxebizitza tipologiak"

Ainhoa Arozena 2019ko abe. 21a, 09:00

Arkitektura ikasi eta arkitekto gisa lanean aritu arren, bide ezberdinak probatzen ari da egun Eneko Garin. Argi dauka gai ezberdinak landu ahal izateko, oinarri sendoa eskaini diotela ikasketek. "Arkitekturak aurre-hausnarketa sakona eskatzen du gai askoren inguruan, ikuspegi globala izatea. Ondorioz, jarrera kritikoa edukitzea beharrezkoa da", adierazi du.

Jarraian, arkitekturari eta argazkilaritzari lotuta eginiko elkarrizketa. Eneko korrikalari eta bidaiariaren berri, berriz, Aiurri hamaboskariko 551 zenbakian. Berak eginiko hainbat argazki ere ikus daitezke bertan.

Jaioterrian kokatuta osatu zenuen karrera amaierako proiektua. Azalduko al zenuke zure aztergaia?
Karrera amaierako proiektuan gauzatze proiektu osoa egin behar izaten da, eraikin osoa kontuan hartuta, eta nik, Otsabiko Arriaran enpresaren biziberritze eta anpliazioa landu nituen. Egurra nahiz basogintza eredua oinarrian hartuta, eraikin industrialek bertako paisaiarengan izan duten eragina. Tolosaldean garrantzia handia izan dute papertegiek eta Arriarangoa papertegi laguntzaile edo auxiliar bezala sortu zen. Horrekin lotuta, egurraren sektorea nola indartu edo biziberritu aztertu nuen. Izan ere, basoan pinua krisian dago eta zein basogintza eredu proposa daitekeen ere landu nuen, gero egur hori eraikuntzan erabili ahal izateko. 

Eta zein iritzi duzu zuraren erabileraren inguruan?
Hemen, arkitekturan zura erabiltzea kosta egiten da oraidik ere; material ahultzat hartzen baita, baina eraikuntza aldetik askorako eman dezake. Inguru honetan ez dago oraindik esplotatuta, ez gizartean erabat onartuta. Europa iparraldeko herrialdeetan, berriz, asko erabiltzen da eraikuntzan; material ona delako eta aukera asko ematen duelako. Ea hemen ere pixkanaka ikuspegia aldatzen den. 
Horixe proposatzen nuen proiektuan, basogintza eredua eraikuntzarekin lotu, eraikuntzarako egokiak diren zuhaitzak landatu eta paisaia biziberritzeko. 

Berriz ere lantoki ikuspegitik biziberritu zenuen Arriaran. Zein erabilera eman beharko litzaieke antzeko eraikin hutsei?
Arkitekturan badago problematika hori, eraikin industrialak nola biziberritu edo zein erabilera eman. Azken batean, eraikin industrialak eraikin handiak dira eta edozein erabilera jasotzeko gai dira. Bere arkitektura hori balorean jartzeko, jatorrizko erabilera mantentzea interesgarria da.  Arriarangoa eraikin txikia da eta dezenteko anpliazioa egin nuen.
Eraikin bat eredu bezala edukitzeko, Arriaran aukeratu banuen ere, Tolosaldea guztian Oria ibaiaren inguruko papertegien %90a itxita edota abandonatuta dago eta ez dakite zer egin eraikin izugarri handiak direlako. 
Eraikin handiak eskala handian eta erabilera globalago batean pentsatzeko dira. Dudarik gabe, badago zer pentsatua gai horren inguruan. 

Bizitza handiko lantoki edo eraikin ugari izan zuen Amasa-Villabonak antzina...
Bai, esaterako, Villabonan oso garrantzitsuak izan ziren Sacem edo Subijana enpresak eta herriaren hazkundea enpresa horiei lotuta etorri zen. Orain eraikin horiek ahaztu egiten dira askotan, baina sekulako garrantzia izan zuten beren garaian.
Sacem partzialki erabiltzen da egun, Subijana etxea bizi-bizirik dago. Baina badira hutsik dauden eraikin industrialak. Gainera, eraikin industrialak herriaren inguruko lurrik onenetan eta zelaienetan eraiki ziren bere garaian eta ikusi egin beharko da zer gertatzen den haiekin etorkizunean. Hausnartu beharreko gaia da.

Ikasketak amaitu eta gero, Sevillan urtebetez aritu zinen arkitekto lanean. Zer moduzko esperientzia izan zen Andaluziakoa?
Hasiera batean sei hilabeterako joan nintzen, baina urtebetez aritu nintzen. Ikusi eta ikasi beharrekoa egin nuela konturatu nintzenean itzuli egin nintzen. Nazioarte mailan ezaguna den Cruz y Ortiz arkitektura estudioan aritu nintzen lanean. Eskala handiko proiektuak lantzen dituzte bertan, erabilera publikokoak gehienak: museo handiak, tren geltokiak, estadioak... Hemengo estudioak txikiagoak dira eta zaila da halako proiektuak lantzea. 
Ni lehiaketetako atalean aritu nintzen gehienbat, eraikitzen ari ziren obrez gain, beti hiruzpalau lehiaketa martxan egoten baitzen. Esperientzia aberasgarria izan zen, halako estudio batek nola funtzionatzen duen ikusteko. Hori interesatzen zitzaidan gehien; programa edo behar bat iristen zitzaienean, eskaera ezberdinei  aurre nola egiten zien ikustea. Azken batean, proiektuaren abiapuntua nahiko konplexua izaten da; zein faktore hartu kontuan, nola egin aurre arazoei...
Zertan baldintzatu du krisi ekonomikoak arkitektoen lana?
Arkitektoen egungo egoera ez da oso ona. Sevillara joan aurretik, Donostiako pare bat estudiotan aritu nintzen praktikak egiten eta, egia esan, Sevillatik itzulita, ez naiz estudio edo enpresatan lana bilatzen hasi. Inolaz ere, lan baldintzak ez daude bere onenean. Hobetuko diren esperantzan gaude, baina argi dago ez dela berriz lehengoa izango; azken urte hauetan asko eraiki baita. Eraikinen birgaitze edo errehabilitazioaren gaiak indar gehiago du orain, behar gehiago baitago horretan. 
2009an, krisiaren garaian hasi genituen ikasketak eta karrera amaitzerako egoera hobetuko zela esaten baziguten ere, egoera ez da hobetu. Krisiak, noski, eragin zuzena izan du gure lanean. Eraikuntza geldituta, katea ekarri du bai arkitekturan eta baita eraikuntzan lan egiten duten beste langile guztiengan ere.

Etxegintzarekin lotzen da maiz arkitektoaren lana, baina askoz ere zabalagoa da zuen arloa...
Gu bizi garen eszenatokia da arkitektura. Zerbait urruna edo arrotza bezala ikusten da, baina oso gertu daukagun diziplina da. Arkitektura lotuta dago eskala txikiarekin, gauden tokiarekin, etxegintzarekin, eraikuntza guztiarekin, hirigintza ereduarekin, paisaiarekin, lurralde antolamenduarekin... Oso arlo zabala da eta orain arte egin den guztia baloratu egin behar den momentuan gaudela uste dut. Azken batean, gizartea aldatzen doan heinean, arkitektura ereduek ere aldatzen joan beharko lukete. Esaterako, etxegintzan, orain etxeak egiteko modua orain 50 urteko bera da etxebizitza tipologogiari dagokionez. Bi, hiru edo lau logelako etxeak, denak sukalde, komun eta egongelarekin. Nire ustez, horren inguruan hausnarketa sakona egin behar da, gizartearen beharrak –gazteenak, familia eredu berrienak, adineko pertsonenak...–zein diren aztertuz eta etxebizitza tipologiak behar horien arabera egokituz. Tipologia bereko etxebizitza eredua proposatzen da egun adin guztietako pertsonentzat, baina beharrak ezberdinak izanik, galderak luzatu beharko lirateke.
Gizarte osoak egin beharko lukeen hausnarketa da, oso  ohituta baikaude eredu jakin batera eta beste proposamenen bat entzun orduko, ezezkoa izaten baita lehen erantzuna. Zergatik eta beldurra diogulako ezberdinari, bai bezeroaren nola eraikitzailearen aldetik. Ondorioz, beti berdina egitera jotzen da, eta gero etxebizitza berri-berri mordoa geratzen da hutsik, prezioagatik jende askok erosi ezin ditzakeelako. Egungo prezioak ez baitira jasangarriak, esaterako, gazte askorentzat.
Urte hasieran bidaia luzea egin zenuen Europan barrena furgoneta hartuta. Zein helbururekin abiatu zinen?
Sevillan nengoela furgoneta erosi nuen eta oinarrizko etxebizitza bihurtu nuen gerora. Hura hartu eta martxa egin nuen hiru hilabeterako. Bidaiatzeaz gain, Europan barrena eraikin eta arkitektura ezberdinak ikustea nuen helburu eta argazkilaritzarekin ere probatzen ari naizenez, argazkiak ateratzea.
Eraikuntza aldetik desberdin planteatzen dira gauzak Europa iparraldean, baita material aldetik ere. Zura, esaterako, Escandinaviako herrialdeetan askoz ere onartuagoa dago eta oraindik asko daukagu ikusi eta ikasteko. Herrialde bakoitzean arkitektura mota ezberdina lantzen da, inguruarekin edota baldintza klimatikoekin lotuta. Urrutira joan gabe, ikusi besterik ez dago hemendik Espainiaren hegoaldera zenbat aldatzen den arkitektura, estalkietatik hasita. Hemen teilatu gehienak bi edo lau isurikoak diren bezala, han lauak dira, ez dagoelako hemengo euria kanporatzeko beharrik. Tokian tokiko arkitektura tradizionalaren eboluzio gisa, moldatzen joan da guztia.

Nondik nora egin zenuen bidaia?
Suitzara joan nintzen lehenik. Handik Alemania, Belgika eta Danimarkara. Eta Norvegiara gero. Hilabete igaro nuen Norvegian, hegoaldetik iparraldera zeharkatu nuen eta Finlandiatik barrena itzuli nintzen etxera. Esperientzia polita izan zen. Bakarrik joan nintzen eta nik nahi nuen erara moldatu nuen bidaia. Toki eta jende asko ezagutu nuen. Furgonetan ezer gutxirekin bizitu nintzen. Ikasgai polita izan zen, bai espazio nola errekurtso aldetik bizitzeko gutxi behar dela konturatzeko. Ez gaude ohituta bakarrik bidaiatzera, ezta bakarrik egotera ere. Eta alde horretatik ere, oso esperientzia aberasgarria izan zen. Egia esan, bakardade handiagoa sentitu nuen hiri handietan jendez inguratuta nengoela, Norvegiako iparraldean ezertxo ere ez zegoen tokian bakarrik nengoenean baino.
Arkitekturari lotuta, eraikin publikoetara eta ezagunak diren eraikuntzetara jo nuen batik bat. Hainbeste hiri eta txokotan, denetarik ikusi nuen.

Arkitektura eta argazkilaritza, zure zaletasunetako bi uztartu zenituen bidaian zehar...
Argazki mordoa egin nuen eta haiekin lanean ari naiz pixkanaka; nola zabaldu, nola erakutsi... 
Hiru bat urte daramatzat argazkiak egiten eta oso gogoko dut, arkitektura bezalaxe. Beraz, arkitektura-argazkilaritza, biak lotzen dituen eremua da. Gainera, oso antzeko kontzeptuak lotzen dituzten bi diziplina dira. Argiak izugarrizko garrantzia du bietan; ez baitago argazkirik argirik gabe, ezta arkitekturarik ere. Konposizioa, kolorea, formak..., batetik bestera eraman daitezkeen eta bi diziplinatan kontuan hartu behar diren kontzeptu asko dago. Arkitekturako ikasketek lagundu egin didate, beraz, argazkilaritzan beste ikuspuntu bat izaten. 

Arkitekturarekin ez ezik, kirolarekin edota naturarekin lotutako argazkiak ere egiten dituzu...
Argazkia ateratzen ari zaren gai hori interesatzea edo gustatzea garrantzitsua iruditzen zait, indar ezberdinarekin heltzen diozulako. Arkitektura bezala, kirola eta paisaia ere oso gustuko ditut eta azken aldian kirol-argazkilaritzan ari naiz dezente. Arkitektura-argazkilaritzak daukan estatikotasuna konpentsatzen laguntzen dit kirol-argazkilaritzak. Azken hau dinamikoagoa da eta ni ere mugitua naizenez, batak bestea orekatzen du.
Pixkanaka, denborak esango du nondik nora jo. Arkitektura ikasketek emandako oinarriak hor daude, baina burua irekita eduki behar da eta edozertarako prest egon. Gure belaunaldiari batetik bestera ibiltzea egokitu zaigu, eta ona iruditzen zait gauza ezberdinak probatzea, ikasteko bidea zabaltzen duelako horrek.

--------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!