Abenduaren 31n itxiko ditu ateak Villabonako Rainbow tabernak

Ainhoa Arozena 2019ko abe. 29a, 09:00

Estanis Ugartemendia, Amaia Uzkudun bikotekidearekin batera, Rainbow tabernako barran.

Abenduaren 31n itxiko ditu ateak 30 urte pasatxoan Villabonako Kale Nagusiko ikur izan den Rainbow tabernak. Bertako nagusi Estanis Ugartemendiak hartu du hitza, lehenaz eta orainaz jarduteko, eskerrak emateko... Urtarrilaren hasieran izango da agur-festa.

Erreportajea osorik: Aiurri hamaboskariaren 551 zenbakian.

Gazte mantendu arren,jubilatzeko garaia iritsi zaio Estanis Ugartemendia, Rainbow tabernako arduradunari. Abenduaren 31n itxiko ditu ateak 30 urte eta erdiz Villabonari nahiz Kale Nagusiari bizitza handia eman dion taberna ezagunak. Urtarrilaren hasieran egingo diote agur-festa.
1989ko uztailaren 24an zabaldu zuen Estanisek Rainbow taberna, ondo gogoan du data eta baita ordua ere, "gaueko 21:00etan ireki genuen taberna, Santio festetarako, ilusio handiz". Eta gogoan du, nola ez, tabernan jarri zuen lehenengo kantua ere: “Rainbow taldearen ‘Kill the King’ abestia, zuzeneko bertsioan". Musika, horixe Estanisen pasioetako bat eta, esan beharrik ez, garrantzia berezia eman dio beti Rainbow tabernan.
Musika sakratua da beretzat, “diskoak erosi eta entzutea, eta bereziki, kontzertuetara joatea”. 14 urterekin Rory Gallagherren emanaldia ikusi zuen Donostian. Huraxe izan zen bere zuzeneko lehen kontzertua eta jarraian etorri ziren gainerakoak. Kontzertu haietako askoren sarrerekin osatutako bi koadroak tabernako ikono bihurtu dira. Gitarrista gisa, Gallagher bera oso gogoko du; baita, besteak beste, Deep Purple edo Rainbow taldeak ere. 

Esker oneko hitzak
Eskerrak ematen hasita, amaierarik gabeko zerrenda osatuko luke Estanisek. Oso eskertuta baitago urte hauetan guztietan alboan izan dituen bezero, lagun eta laguntzaileekin. "Batetik, barran lagundu didaten gazte guztiekin. Iñaki Otañori aipamen berezia egin nahi diot, urte askoan ondoan izan dudalako eta asko lagundu didalako. Sekulako txapelduna da! Eskerrik asko Billabona FKEri ere, oso ondo jokatu izan dutelako beti nirekin. Baita Andoni Irazustabarrenari ere, musika gaietan asko lagundu didalako". 
Rainbow tabernak futbol taldea izan zuela adierazi du eta bi urtez Santiotako txapelketa irabazi eta bospasei aldiz txapeldun-orde izan zirela. "Mila esker talde hari ere, Rainbow bizirik mantentzeagatik".
Iratzar herriko taberna atez ate, haiekin izandako harreman ona ere nabarmendu du, "oso ondo konpondu gara beti; giro polita sortu da taberna atarian".
Ezagutzen dutenek badakite, pertsona sentikor, eskuzabal eta leiala dela Estanis eta bere izaera umilagatik maite dute hainbeste herrian. Ondoan izan dituen bezero eta herritarrak gogoan hartu ditu, "tabernan 30 urte iraun badut, haiei esker izan da. Eskerrik asko guztiei, gertu egoteagatik".

Musika eta poesia
Hogeita hamar urteko bidearen ostean, sekulako pena ematen dio Rainbowko ateak ixteak, "jende asko ezagutu dut tabernari esker. Poz handiak eman dizkit, bizitza handiko taberna izateaz gain, umorea nagusitu delako. Urteak aurrera, belaunaldiak aldatu egin dira; batzuek utzi, besteak hasi..., adin ezberdineko jendea ezagutu dut tabernari esker. Baina, urteak pasa ahala, nekea ere nabari dut. Lan lotua da tabernakoa, oso neketsua".
Urte berriarekin batera, beraz, lasaiago bizitzeko aukera izango du Estanisek. Bere gustuko zaletasunak lasaitasunez egitekoa. Musika entzuteaz gain, zaletasun ugari du billabonatarrak, "asko gustatzen zait poesia edo idatzi laburrak idaztea. Jubilatzen naizenean bilduma bat osatu eta kaleratzea gustatuko litzaidake", aurreratu du. Gaztetan ikasi zuen pianoa jotzen eta orain, berriz ere, behatzen mugimenduarekin hasteko irrika piztu zaio, "berriz ere pianoa jotzen hasteko gogoa dut, kantu batzuk sortu eta joz. Denbora-pasa polita da hori", dio.

Baxu-jotzaile, gaztetan
Pianoa bakarrik ez, baxua ere jotzen zuen gaztetan. Brooklyng taldea osatu zuten hiru kideren artean, nahiz eta ez zuen luzaroan iraun, "gitarra jotzen ez nintzen oso ona, hobeto konpontzen nintzen letrak idazten". Emanaldi gutxi eskaini zuten, baina oso gogoan du haietako bat, "1976. urtean, Oinkariren aldeko emanaldi bat antolatu zen Gurea zineman, dantza taldeak diru pixka bat lortzeko. Herriko talde eta artista ezberdinek hartu genuen parte, tartean baita Bixente Ameztoy margolariak ere. Pantxoa eta Pelloren bi kantu eskaini genituen guk. Ikurriña zintzilikatu zen emanaldirako, debekatuta zegoen garaian. Oso emanaldi polit eta berezia izan zen", gogoratu du. Garai hartan gaztetxe edo aretorik ez zegoenez, "on Juan Isastiri akademiako sala bat eskatu genion, bertan entseatzeko. Hantxe aritzen ginen. Ingelesez abesten genuen batik bat".
Musikazalea ez ezik, kirolzalea ere bada. Futbola, esku pilota eta saskibaloia jarraitzen ditu batez ere. "Realzalea naiz oso. Lehen bazkide nintzen, baina gaur egun telebistan ikusten ditut partidak. Pilotan, Iñaki Artolaren jarraitzailea naiz. Pilotari ona eta oso mutil jatorra da, tabernan badut berak sinatutako argazkia ere. Eta Baskonia taldea ere gogoz jarraitzen dut", adierazi du.

Billabonatar petoa
Amaia bikotekidearekin batera Anoetan bizi bada ere, billabonatar petoa sentitzen da Estanis. "Villabonan jaio nintzen ni, Kale Berriko 5. zenbakian, estankoaren gainean. Ez Donostian eta ez Tolosan, nire etxean bertan". Taberna itxi arren, argi dauka herritarrekin harremanetan jarraituko duela eta dutela, "matrimonioak jarraitu egingo baitu, onerako eta txarrerako", adierazi du umoretsu. 
Rainbow taberna zabaldu zuenean ezagutu zuen Amaia bikotekidea, Villabonako Argoin tabernan egiten zuen lan orduan. Geroztik bidelagun izan du eta eskerrak eman nahi dizkio hari ere, "asko lagundu didalako".
Iluntze, gaueko eta ordu txikietako taberna izan da Rainbow, parranda girokoa. Taberna berezia. "Egongo da gustatuko ez zitzaionik, baina jende askok gustuko izan du bertako giroa, baita nik ere". 
Gizon umila da Estanis eta umiltasun osoz azaldu du, herrian gogoko dituen bestelako tabernak ere badaudela. "Niri rocka eta musika altu entzutea gustatu arren, gustura joan izan naiz beti musikarik jartzen ez duten edo bestelako musika jartzen duten tabernetara ere. Oso gustuko ditut, adibidez, Zentroa edo herriko beste taberna zaharrak. Pena handia hartu nuen, adibidez, Luisik Or Konpon zaharra utzi zuenean".
Rainbow taberna ixteak hutsune handia utziko du herrian. Billabonatar askoren oroitzapenen kutxan gordeta geratuko dira bertako hamaika bizipen.

-----------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!