Ia 7 milioi euroko aurrekontua izango du 2020an Amasa-Villabonako Udalak

Aiurri 2019ko abe. 20a, 15:04
Abenduaren 11n Gureako zinean aurkeztu zuen 2020ko aurrekontuen proposamena jendaurrean Amasa-Villabonako Udalak.

Datozen hilabetetetan udal gobernuak parte-hartze prozesua jarriko du martxan 400.000 euro zertara bideratu herritarrek erabakitzeko.

Pasa den abenduaren 17an izandako Amasa-Villabonako udalbatzaren osoko bilkuran gehiengo osoz onartu ziren udal gobernuak proposatutako aurrekontuak. Oposizioko alderdiek ez zuten aurrekontua babestu eta kontrako bozka eman zuten. Hala ere, 2020rako aurrekontu proposamena onartua izan zen aldeko 7 boto eta kontrako 5 botorekin.

6.857.383 euroko aurrekontua
Aurrekontuaren %36,6a (2.513.393 euro) udaleko zerbitzuen gastu arruntei dagokie, beste %35,3a (2.427.380 euro) pertsonal gastuetara bideratuko da eta inbertsioetarako 740.000 euro izango dira, aurrekontuaren %10,7a. Falta den aurrekontuaren %17,4a finantza gastuak izango dira, transferentzia arruntak, finantza pasiboak etab.

Aurrekontu horrekin, udalak Amasa-Villabonako biztanle bakoitzeko 1.156 euro izango ditu. Kopuru hori inguruko udalerriek dutenarekin alderatu ezkero, oso kopuru eskasa da eta gure udalak dituen baliabide ekonomikoak oso mugatuak direla adierazten du.

2020ko aurrekontuaren ezaugarri nagusiak

  • Gizarte zerbitzuetan %28,3ko igoera
    Udal gobernuak 546.675 euroko aurrekontua ezarri du gizarte zerbitzuen sailerako, 2019ko aurrekontuekin alderatuta, igoera oso handia izan delarik. Igoera horren arrazoi nagusietako bat, etxez etxeko laguntza zerbitzura bideratutako partida ekonomikoaren igoera handia izan da. Izan ere, adineko jendeari edo dependentzia egoera duten pertsonei bideratutako zerbitzu publiko horren finantziazioak %134,1eko igoera izan du.
  • Alkatetza gastuetan %25,9ko murrizketa

    Alkatetzak edo udal gobernuak zuzenean kudeatuko duen aurrekontua 210.000 eurokoa izango da eta jaitsiera nabarmena izan du 2019. urtean alkatetzak izan zuen aurrekontuarekin alderatuta. Hauek izan dira udal gobernuak alor honetan egindako murrizketa nagusiak: Komunikazioko konfiantzazko kontratua -%100, Aholkularitza orokorra -%70, alkatetzako dietak -%80, eta alderdi politikoentzako ekarpena -%20.

  • Igoerak Euskara, Kirola, Hezkuntza eta Kulturan

    Euskara saileko aurrekontuan %18,2ko igoera ezarri da, batez ere udalak UEMAko (Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko) partaide izateko urratsa emateko asmoa duelako; eta aipagarria da aurrekontu horretan euskara zerbitzuko gastu guztiak era desglosatuan argitaratu direla lehen aldiz. Kirol sailean aurrekontuak %5,3ko igoera izango du, igoera hori batez ere kirolean jarduten duten elkarteei bideratzen zaizkien hainbat diru laguntzen igoerak ekarri du. Hezkuntzari dagokionez, 2020ko aurrekontua %3,1 igoko da, batez ere herriko eragile guztiak biltzen dituen Hezkuntza Mahaiaren funtzionamendurako ezarritako diruak ekarri du igoera. Kultura sailean ere igoera izango da, aurrekontua %2,85 igo delarik 2019koarekin alderatuta.

  • Hirigintzako gastuaren beherakada

    Hirigintza saileko gastu arrunta %9,86 jaitsi da, batez ere urte luzeen ondoren Amasa-Villabonako hirigintza plan orokorra (HAPOa) onartzea eta indarrean sartzea lortuko baita epe motzean eta azken urteetan helburu horretara bideratutako diru kopuru esanguratsua aurreztuko da 2020an.

  • 2020ko inbertsio nagusiak:
    Inbertsio nagusi ugari ezinbestean egin beharreko konponketa eta obretara bideratuko dira 2020an: Espaloiak eta asfaltatze lanak 90.000€, Kiroldegiko teilatua eta kantxa konpontzea 77.000€, Santio Egoitza aurrealdeko espaloiaren konponketa 55.000€, Kale Nagusia 38ko eraikinean egin beharreko erreformak 50.000€, Agaraitz industriguneko urak araztegira bideratzea 47.000€, Irisgarritasuna hobetzeko ekintzak 35.000€, ur zikinak eta euri urak bereizteko lanak 20.000€ etab.

    Beharrezkoak izango diren inbertsioez gain, udal gobernuak hainbat inbertsio esanguratsu jarriko ditu martxan 2020an: Herriko argiteria publikoa eta koadro elektrikoak berriztatzeko Larrea, Etxeondo, Txermin eta Antzin auzoetan 50.000€. Energia arloko trantsizioari aurre egin eta energia berriztagarrien aldeko urratsak emateko Udal Energia Plana osatu eta garatuko da 2020an. eta horretarako guztira 28.000€ bideratuko dira. Villabonako eta Amasako herriguneak lotuko dituen oinezkoen bidea egiteko lehen urratsak garatzeko 15.000€. Udal Liburutegia eraberritzeko azterlana eta proiektua egiteko 15.000€.

    Horrez gain, aipatzekoa da Fleming Herri Eskolan hobekuntzak eta inbertsioak egiteko 70.000 euroko diru poltsa ezarri dela.

Diru partida esanguratsuak:

Etxebizitza politika: 30.000 euro. Udal gobernuak etxebizitzaren arazoei aurre egiteko udal politika aktibo eta eraginkorra garatu nahi du 2020an. Etxebizitza hutsak merkaturatzea, etxebizitza eskaintza hobea izatea, espekulazioa geldiaraztea, gazteentzako alokairua bultzatzea... izango dira udal politikaren helburuetako batzuk.

Berdintasuna edo politika feminista: 36.000 euro. Udalak genero berdintasuna sustatzeko plangintza osoa osatu eta martxan jarri nahi du 2020an. Udalak herriko Mugimendu Feministak erabiltzeko izango den lokal bat alokatuko du eta feminismoa bultzatzeko, LGTBI kolektiboaren eskubideak defendatzeko, homofobiari eta indarkeria matxistari aurre egiteko... ekintza plan bat garatuko du.

Herriko merkataritza sustatzeko 10.000 euro. Herriko merkataritza arrisku bizian dago eta nahiz eta udalak konpetentzia gutxi izan arlo horretan, herriko merkataritza laguntzeko diru partida bat zabaltzea erabaki da.

Amasamendiko kudeaketa plana garatzeko ekintzak: 15.000 euro. Amasamendiko landa eta basoak modu integralean kudeatzeko planean jasota dauden hainbat ekintza burutu nahi ditu udalak. Herriko hainbat elkartek eta norbanakok parte hartzen duten Amasamendin Ados! izeneko lan mahai ireki eta zabalean erabakiko da zein ekintza edo proiektu gauzatuko diren 2020an.

Memoria eta bizikidetza batzorderako 23.700 euro. Alderdi politiko ezberdinetako kideek osatutako batzorde honetan lortutako adostasunarekin, gure herrian azken hamarkadetan arrazoi politikoengatik izandako eskubide urraketak bilduko dituen lan bat egingo da Aranzadi zientzia elkartearekin elkarlanean. Bestalde, biktimen aitortzan ere aurrera urratsak eman nahi ditu udalak.

Elkartasun internazionala: 31.500 euro. Euskal Fondoarekin elkarlanean hainbat ekintza garatuko dira El Salvador-eko Segundo Montes komunitatean, udan Saharako haurrak ekartzeko Oporretan Bakean programa ere lagunduko da, beste hainbat lankidetza eta laguntza programarekin batera.

Parte hartze prozesu berria
Udal gobernuak datozen hilabeteetan aurrera eraman nahi duen herri prozesu parte-hartzailearen berri eman zuen. Prozesu garden eta demokratiko baten bidez, herritarrek zuzenean erabakiko dute 2020. urtean udalak ezarritako 400.000 euro zertara bideratuko diren. Diru hori udalak bankuan duen diru gerakinetik irtengo da, izan ere udalak 1.300.000 euro inguruko diru funtsa du gerakin gisa.

Prozesu parte-hartzaile horren xehetasunak (metodologia, egutegia, fase ezberdinak, tresnak...) udalean eratuta dagoen Herritarren Parte-Hartze Batzordean adostu nahi ditu udal gobernuak oposizioko alderdiekin.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!