Berrogeita hamar laguneko sei txanda osatu ziren guztira, haur nahiz heldu, guztiak Aranerrekako negu giroko magiak bereganatuta. Neguari ongietorria eman zitzaion egunean, euriak nahiz haizeak ere gogotsu egin zuten euren presentzia, baina inolaz ere ez zuten eten hitzordu berezia. Ia ordubeteko ibilaldian, euskal mitologiako pertsonaiek ez ezik, usadioek, doinuek, kopla nahiz esaera zaharrek izan zuten nagusitasuna, negu beteko paisaia zoragarrian.
Etxeondoko parkearen ondoko tunelean bildu ziren bisitariak txandaz txanda eta Igerategi baserriaren ondoan egin zuten lehen geldialdia. Bertan Antton, Anttoni eta Peru izan ziren lehen protagonistak. Baserritarrak. Aita, ama eta semea. Menditik ikatza ekartzea zuen lanbide Anttonek eta hara non!, bazkaltzen ari zirela galtzagorriak ikatz zakua lapurtu zien, noiz eta neguan sartu eta urteko egun ilun eta hotzenetan, sua egiteko ikatza beharrezko zutenean.
Ibilbidean aurrera egin eta haurrek bidea argitzeko kriseiluak hartu ondoren, Mariren basoan barrena murgildu ziren guztiak, txokoak argiztatuz, adar-hotsak entzuten zirela. Sendabelarrak biltzen ari ziren bertan sorginak, haiekin edabeak prestatzeko. Sutan zuten eltzean sendabelarrak edota bi iturritako ura nahastuz, hitz majikoak esan eta suaren inguruan dantzan aritu ziren sorginak.
Bidean aurrera, txalaparta nahiz adar-hotsak berriz ere eta hara!, amona ipuina irakurriz, baserritarrak irrintzika, haurrak dantza eta jolas, galtzagorriak karobiaren inguruan, bihurri... Eta aurrerago, akordeoi hotsak, gaztain erre bero-beroak...
Bidegurutzean gora, Musturi-azpi baserria. Ikazkinak lanean, txondorra ketan. Eta hantxe atarian, Mari Domingi garbitokian arropa garbitzen eta Napoleon astoa patxadan. Olentzero, berriz, suskitatzen; sukaldean erratza pasatzen. Baina laster gerturatu zen Mari Domingirekin batera bisitari guztiei kasu egitera. Harrera goxo eta beroa egin zieten bertaratutako haur eta gaztetxoei, baserriaren sarrerako mahaian zegoen saskian gutunak uzteko gonbitea egitearekin batera, musuak banatuz.
Eta Arantzabitik barrena, berriz ere abiapuntura buelta. Gure izaera eta sustraiekin lotuta, bidaia polit eta berezia egindako sentsazio gozoarekin.