Joan zen igandeko Aranerrekako Olentzaroaren Bidea ekimenari jarraiki, indartuta eta edertuta iritsi zen Olentzero eta Mari Domingiren ongietorria ere. Napoleon astoak gidatzen zuen gurdian iritsi ziren, besteak beste, galtzagorriz eta ikazkinez lagunduta. Etxeondotik Amalurra plazaraino egin zuten ibilbidea, Santio egoitzan geldialdia eginez.
Eta Amalurra plazan herritar multzoa zain. Kalejiran zetozen herritarrez gain, jende asko bildu zen Olentzero eta Mari Domingiren harrera berria gertutik ezagutzera. Hantxe ziren txondorgileak eta baita basoko beste hainbat langile ere. Besteak beste, zerura begiratu eta zein egun den asmatzeko ahalmenaz mintzatu zen Olentzero, naturarekin harreman zuzenean. Haur nahiz helduek begiak zabal-zabalik jarraitu zuten Olentzero, Mari Domingi, baserritarra eta Galtzagorriaren arteko elkarrizketa.
Hantxe ziren Oinkari dantza taldeko dantzari gazteak ere. Bi dantza eskaini zituzten eszenatoki paregabean. Eta amaieran, muxu eta besarkaden txanda iritsi zen. Urduri bezain pozik haurrak, euren pertsonaia maiteak hain gertu sumatuta.