EAJ, Kale Nagusiko neurri berrien inguruan

Villabonako Kale Nagusia

Villabonako Kale Nagusirako Udalak indarrean jarri duen neurri berriaren inguruko prentsa oharra igorri du EAJ alderdiak:

EAJk Kale Nagusiko sistema zigortzailea gelditzea eskatzen du

Ez du kaleko ziurtasuna bermatzen eta ez du bizilagunen oniritzirik ere

EAJ-PNVko Udal taldeak, EH Bilduren gobernu taldeak Kale Nagusian ibilgailuak sartzeko ezarri berri duen sistema zigortzailea bertan behera geratzeko eskaera egiten du.

Sistema berri hau martxan jartzeak zalantza asko sortzen dizkigu emaitzak ez baitaude argi, eta gainera, informazio eta egiaztapen nahikoa egin gabe jarraitzen ari da aurrera.

Bere diseinurako ez zaigu alkatearen aldetik inolako informazio ziurrik eman oposizioan gauden alderdioi; ez da batzorde informatiborik deitu eta batzarretan ere ez da gaia landu. Horrez gain, EH Bilduk ez du Kale Nagusiko bizilagunekin bilerarik egin eta hauek hainbat elegite eta eskaera aurkeztu dituzte eta den-denak baztertuak izan dira. Eta hau gutxi balitz, Udaltzaingoak informazio eskasa izan du.

Ez dira esleipenaren nondik norakoak ezagutzen (badirudi euskal herrikoa ez den enpresa bat dela) eta herritarrei helarazi zaien informazioan isunak zenbatekoak izango diren ez da esaten, informazioa ezkutatuz. Oraindik gehiago, ez da esaten nola bermatuko den kaleko ziurtasuna ez baira pilote eta barrerarik ipini; sistema ezagutzen ez duen pertsona bat abiadura handian sar daiteke Kale Nagusian, herritarren bat harrapatu eta istripuak gertatzeko arriskua areagotuz.

Sistema honek kezka izugarriak sortzen dizkigu. Andoainen antzeko sistema ipini dute eta arazoak ugaritzen doaz.

EH Bilduren gobernu taldeak bertako bizilagunekin gaia landu ez izanak asko arduratzen gaitu gainera, eta zaborrekin egin zuen bezala, inposaketaren bidea jarraitzen ari da beste behin, diru bilketa helburu duen sistema ezarriz; alkateordeak esan bezala “sistema honetan gastatutako dirua zigorren bitartez berreskuratuko da”.

Hau guztiagatik, eta sistema berri hau mantentzeko Udal aurrekontutik diru asko bideratu beharko delako , EAJ-PNVk sistema hau bertan behera uzteko aurreikuspena egitea eskatzen du, ez baititu bertako bizilagunen beharrak asetzen: “Zalantzak argitu behar dira, alderdi politikoekin hitz egin, eta batez ere, bizilagunen iritzia ezagutu. Ezin da egun guztia herritarren parte-hartzeaz hitz egiten egon eta gero inposaketaren bidea aukeratu.”

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!