Eh Bilduren batzarra, ostiralean

Amasa-Villabonako EH Bilduko kideek prentsa ohar bidez jakinarazi dutenez, herri-batzarra egingo dute urtarrilaren 17an, 19:00etan hasita, udaletxeko areto nagusian:

 
"Amasa-Villabonako EH Bilduk herri batzarra antolatu du: Urtarrilak 17, ostirala, 19:00etan udaletxeko areto nagusian.
Nerea Kortajarena EAEko legebiltzarkidea izango da gonbidatua eta berak gidatuko du batzarra.


Batzar honetako lehen puntuan, EH Bilduk egiten duen egoera politikoaren irakurketa orokorra elkarbanatuko da. Nazioarteko, espainiar zein frantziar estatuetako eta Euskal Herriko egoeraren inguruko hausnarketa partekatzeaz gain, EH Bilduk azken hilabeteetan hartu dituen erabaki nagusien inguruko azalpenak ere emango dira.

Bigarren puntuan, datozen hilabeteetan EH Bilduk garatuko duen ekintza politikoaren ildo nagusiak azalduko dira. Parte hartzen dugun erakunde publiko guztietan (Madrilgo kongresuan, EAE eta Nafarroako legebiltzarretan, herrialdeetako Batzar Nagusietan eta udaletan) EH Bilduk garatuko dituen ekintza politiko nagusien inguruko eztabaida eta gogoeta partekatu bat egitea izango da helburua.

Azkenik, Amasa-Villabonako Udal gobernuko ordezkariek erabaki proposamen berezia aurkeztuko dute eta bertan erabakiko da proposamena onartuko den edo ez. Gure herriaren etorkizunerako estrategikoa izango den inbertsio garrantzitsua jarriko da mahai gainean.

Amasa-Villabonako EH Bildutik batzar honetan parte hartzeko deia luzatu nahi diogu gure oinarri sozial osoari eta baita interesa izan dezaketen herritar guztiei ere".
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!