Martxan da Sahararako janari bilketa kanpaina

Aiurri 2020ko urt. 22a, 10:17

Urtarrilaren 31ra arte luzatuko den janari bilketa Tolosaldea Sahararekin elkarteak antolatzen du. Herri mailan, Fleming herri eskolak, Zubimusu ikastolak, Oria merkatarien elkarteak eta Amasa-Villabonako Udalak egin dute bat ekimenarekin.

Arroza, lekaleak, pasta, olioa, sardin eta atun latak, azukrea eta konpresak bilduko dira.

  • Amasa-Villabonan jakiak biltzeko jarri diren kutxak:

Fleming herri eskola, Zubimusu ikastola, Udaleko herritarren arreta zerbitzuko bulegoa, Pepi janari-denda, Musturinea harategia eta Sahatsa belar-denda.

Janariaz gain, eskolarako materiala ere bilduko da: kuadernoak, arkatzak, borratzeko gomak, txorroskiloak, margoak eta abar. Horiek guztiak Tinta inprimategian, Kazetaria eta Basajaun liburu-dendatan egongo diren kutxetan utzi ahal izango dira.

  • Otsailaren 1ean bilketa berezia Malkar plazan, 09:30-13:30:

Oria merkatarien elkarteak eta Tolosaldea Sahararekin elkarteak elkarlanean, janari bilketa berezia antolatu dute otsailaren 1ean (larunbata) Malkar plazan kokatuta dagoen supermerkatuaren alboan. Bertan, saharar herriari buruzko informazioa banatuko dute.

Amasa-Villabonako Udalak herritarrak animatu nahi ditu kanpaina honetan parte hartzera, "modu horretan, urte luzetako zapalkuntza eta bazterketaren ondorioz egoera humanitario larria sufritzen duten saharar errefuxiatuei laguntzera".

 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!