Kilometroak 2020

Kilometroak Txikia jaia, igandean, Amasa-Villabona eta Zizurkilen

Aiurri 2020ko urt. 23a, 11:02

Kilometroak 20 festa nagusia urrian izango bada ere, Zubimusu ikastola buru-belarri ari da urte osorako ekintzak antolatzen. Ekintza horietako bat Kilometroak Txikia jaia izango da, eta urtarrilaren 26an egingo da, datorren igandean, goizeko 10:30ean hasita, eskualdea girotzen hasteko. 

Egun horretan, Amasa-Villabona eta Zizurkilgo hiru gunetan elkartuko dira, eta haur, gazte nahiz helduak batuta, talde bana osatuko dute gune bakoitzean. Korri, punpa, ttak; Amasa, Villabona, Zizurkil. Hiru abiapuntu eta hiru talde. Hiru guneetako taldeek, musika lagun dutela, Altxorraren bila jolasa egingo dute Zizurkilgo Joxe Arregi plazarako bidean, eta jolas horren bidez aurkitutako altxorrak elkartuz irudi bat osatuko dute guztiek, elkarrekin auzolanean, Zizurkilen egingo den ekitaldian. “Bideetan, ordea, arrastoa utzi nahi dugu, eta hiru taldeek horma-irudi bana inauguratuko dute ibilbidean, urriko jaiaren iragarle”, adierazi dute.
Ondoren, musikariekin eta buruhandi eta erraldoiekin batera, Villabonako plazara hurbilduko dira eta, besteak beste, jolasean arituko dira bertan. “Abenduan pintxo-tertulia bat egin genuen gure aitona-amonekin, eta umetan zertan jolasten ziren kontatu ziguten. Hain zuzen ere, jolas horiek hurrengo belaunaldiei transmititzeko helburuarekin, plazan jolasean ibiliko gara, ume, gazte, heldu..., guztiok elkarrekin, gure aitona-amonen jakintza herritar guztiokin partekatzeko”.
Ekimen hau osatzeko, Kilometroak 20 jaiaren lepoko zapiak jarri dituzte salgai, 3 euroan. Kilometroak dendan eskura daitezkeela aurreratu dute. “Egun horretan lepokoak jantzita ibiliko gara, eta hortik aurrera, etxeko leiho eta balkoietan zintzilikatuko ditugu, herria apaintzeko eta Gipuzkoako ikastolen hurrengo jaia Zubimusu ikastolak antolatuko duela lau haizetara zabaltzeko”.

Urtarrilak 26ko egitaraua

  • 10:30 Amasa, Villabona eta Zizurkilgo herrigunean elkartu eta zutabeak martxan jarri.

  • 11:00 Joxe Arregi plazan hiru zutabeak elkartu.

  • 11:30 Denak elkarrekin Villabonara abiatu.

  • 12:00 Errebote plazan jolas tradizionalak, musika eta pintxoak.

  • 14:00 Amaiera.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!