"Bakoitzaren hautua garrantzitsua da euskara sustatu eta indartzeko"

Ainhoa Arozena 2020ko urt. 28a, 09:00
Maite Arregi, bere bulegoko lan-mahaian.

1990az geroztik, Amasa-Villabonako Udaleko euskara teknikaria da Maite Arregi Tejeria billabonatarra. Udaletxe mailan, esku artean dituzten ekimenez hitz egiteaz gain, euskararen aldeko hautua egitera gonbidatu ditu herritarrak.

Elkarrizketa osorik, Aiurri aldizkariaren 553 zenbakian.

Euskararen Lan Mahaia berriz ere biltzen hasia da udaletxean...
2011-2015 agintaldian sortu ziren parte-hartze mahaiak eta baita Euskararen Ados Mahaia ere. Agintaldi bukaera arte indarrean egon zen. Hurrengo legegintzan geldiunea izan zuen eta berriro sustatu nahi dira orain parte-hartze mahaia horiek. Euskararen Lan Mahaia urrian bildu zen lehen aldiz eta Euskararen Egunaren antolaketa landu zen bertan. Abenduko bileran, Ados Lan Mahai honek izango dituen jomugak aztertu ziren eta, hasiera batean, lau urtez behin egin behar izaten den Euskara Sustatzeko Ekintza Plana burutuko da. 

Euskararen Ados Mahaiaren parean, Tolosaldeko Euskararen Mahaia...
2018an adostu zen Tolosaldeko Euskararen Mahaia osatzea eta 2019an eman zaio forma. 2020-2022 arteko plana diseinatu da arlo ezberdinetan eta lan hori ere kontuan hartu beharko dugu gure plana diseinatzerakoan, bi plangintzak bide berean joan daitezen. 
Tolosaldeko plana aurkeztuta dago eskualdeko 28 Udaletan, baita Eusko Jaurlaritzan eta Foru Aldundian ere. Tolosaldeko Udalez gain, euskalgintzarekin eta euskal munduarekin zerikusia duten erakundeak leudeke tartean: ikastetxeek, Galtzaundi edota Larramendi Bazkuna euskara elkarteak, Harituz bertsozale elkartea, Aitzol edota AEK euskaltegiak... 
Eskualde mailan, 28 herri horiek hizkuntza politika bakarra izatea lortu nahiko litzateke planaren bidez, bereziki, guztiok bide berean joatea, euskararen erabilerak indar gehiago izan dezan. Oso egitasmo ona izan liteke eta denok norabide berean jarriko bagina, askoz ere indar gehiago egingo genukeela iruditzen zait. 
Tolosaldean, batez beste, %75ak egiten du euskaraz eta beste %10ak ulertzen du. Datu horiek ikusita, Euskal Herri mailan ere zeozer egiteko oinarri sendoa daukagu. Aurrera egiteko eta euskararen indarberritze horretan, eskualde bezala, akuilu izateko nahikoa indar badaukagula uste dut. Ikusi egin behar zertan geratzen den, baina asmoa oso interesgarria da.

2020ko udazkenean izango da Euskaraldia ariketa sozialaren bigarren edizioa...
Amasa-Villabonak parte hartzeko izena eman du dagoeneko. Euskararen Ados Mahaian aztertuko da gai hori lantzeko lantaldea osatu edo bertatik bideratuko den. 
2020ko Euskaraldiak aurrekoarekiko duen aldaketa, norbanakoek ez ezik, talde eta erakundeek ere parte hartuko dutela. Eta horrek aurrelana eskatzen du. Herri bakoitzeko eragile guztien zerrenda egin, haiengana gerturatu, parte hartzeko deia luzatu... 
Euskaraldiaren baitan sortu zen olatuari eusten saiatuko gara. Herritarrek talde bateko kide izatearen sentsazioa izan zuten eta, berriz ere, aurreko adibidea hartu eta indartzen saiatuko gara. Aurtengoan eragileen inplikazioa bilatzea izango da gakoa, nahiz eta norbanakoen bideak ere jarraituko duen 2018an bezala. Norbanakoen baitan, Ahobizi eta Belarriprest figuren eginbeharrak hobeto zehazten ahaleginduko gara, agian ez baitzen guztiz ondo ulertu bakoitzaren egitekoa eta rolak ez ziren kasu guztietan ondo bete. Bazirudien Ahobizik Belarriprestak baino estimu handiagoa zuela eta ez, Belarriprestak ere badu bere eginbeharra eta garrantzitsua, gainera. Lehen saiakera izan zen hura eta ikasteko gaude.

-----------------------------------------------------------------------------------------------------

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.

  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!