Ikus-mira handia sortu zen dendaren atarian arratsaldeko 17:30erako. Bost pilotariek haur, gazte nahiz helduen galderei erantzun zieten, gertuko eta jator. Euren ibilbidearen, txapelketen edota zaletasunen inguruko galderak luzatu zizkieten, baita Kilometroak jaiari lotutakoak ere. Esaterako, antzeko mahai-inguru batera etortzeko deia jasotzen dutenean zer sentitzen duten. Iker Irribarriak, euskalzalea dela eta euskararekin lotutako ekintzetara gustura etortzen dela adierazi zuen, ohorea dela beretzat halako saioetan parte hartzea. 'Korri, punpa, ttak' leloaz ere galdetu zieten eta Eneko Maizek, pilota herrian hain txertatuta egonik eta jokoaren sakea irudikatzen duenez, gogoko duela adierazi zuen.
Galderak erantzuteaz gain, urtarrilean zehar Kilometroak dendan erosketak egin zituzten bezeroen artean, pilotariek sinatutako bi kamiseta zozkatu zituzten. Bertan bildu ziren ikusleen artean, berriz, eurek sinatutako bi pilota.
Otsailean ere, Kiometroak dendaren inguruan ekimen berriak antolatuko zituztela iragarri zuten ekitaldiaren amaieran.
Bost pilotariek 'Korri, punpa, ttak' leloa irudikatuz eman zioten amaiera atzoko ekitaldiari. Ilara luzeak sortu ziren gero, pilotariekin argazkiak ateratzeko.