'Emakumeon Txoko Morea' aurkeztu dute

Lurgatz talde feministak eta Amasa-Villabonako Udalak atzo aurkeztu zuten 'Emakumeon Txoko Morea'. Errota kaleko 4. zenbakiko etxabean jarriko dute, eta laster izango da martxan.

Beatriz Unzue alkateak hartu zuen hitza aurkezpen ekitaldian eta bertan ziren, Arantxa Lopez berdintasun zinegotzia eta Amaia Irazusta zinegotzia ere. Lurgatz talde feministako hainbat kide gerturatu zen ekitaldira.

Alkateak irakurri zuen agerraldiko testu nagusia: 

"2018ko martxoaren 8ko greba feminista historikoaren bueltan, Amasa-Villabonako adin eta ideologia ezberdinetako hainbat emakume elkartzen hasi ziren. Jarraian, 2018ko maiatzean egindako jardunaldi feministaren ondorioz sortu zen Lurgatz talde feminista. Orduz geroztik, talde hau izan da Amasa-Villabonako mugimendu feministako elkarte antolatua, eta bere garapen eta dinamika propioak aurrera eraman ditu.

Bere jarduna egonkortu zenetik, talde feministak behin baino gehiagotan aldarrikatu du bere jarduna duintasunez garatu ahal izateko espazio baten beharra eta protestak ere egin izan dira beharrizan hau aldarrikatzeko.

Aurreko udal gobernuaren eta talde feministako kideen artean izandako hainbat tirabira eta ezadostasun zirela medio, espazio feministaren eskaerak ez zuen inolako emaitzarik eman pasa den legealdia amaitu artean.

Udal hauteskundeen ondorioz udal gobernuan aldaketa gauzatu ondoren, alkatetza berriak Lurgatz talde feministaren eskaerari bide ematea erabaki zuen. Ondorioz, herriko mugimendu feministako kideen, zein genero berdintasunarekin lotutako hainbat aldarrikapenaren bueltan elkartu nahi luketen emakumeen elkargunea izango den bilgune bat zabaltzea erabaki zen.  

Udal gobernua eta Lurgatz talde feminista hitz egiten aritu ondoren, azkenik akordio batera iristea lortu da: Udalak Villabonako Errota auzoko 4. zenbakian dagoen lokala alokatu du eta Lurgatz talde feministarekin erabilera araudi bat adostu du".

Jarraian, egoitza berria erabiltzeko baldintzak eta helburu nagusiak  aipatu zituen alkateak, banan bana:

"EMAKUMEON TXOKO MOREA Udalak Amasa-Villabonako emakumeei bideratutako lokala da. Gaur gaurkoz, Lurgatz Talde Feministak izango du lokala kudeatzeko ardura. Hala ere, aldaketak egonaz gero, araudia moldatzeko aukera zabalik geratzen da. Horretarako, Udalaren eta Lurgatzen oniritzia beharko delarik.

 Emakumeon Txoko Morearen helburu nagusia emakumeok topatzeko, hausnartzeko, formatzeko, salaketak egiteko, elkar laguntzeko, harrerak egiteko, artikulatzeko eta aliantzak edota zubiak gauzatzeko espazioa izatea da. Norbanakoen ahalduntzea, jendartearen eraldaketa feminista eta elkarbizitza parte hartzailea bultzatu nahi da, bizitza jasangarria sustatuz.

Oinarriak:

  1. Txokoa inklusiboa, irekia eta anitza izango da.
  2. Txokoak leku segurua eta konfiantzazkoa izan behar du emakume guztientzat.
  3. Txokoa edozein alderdi edo mugimendu politiko, talde, entitate eta espaziorekiko independentea izango da.
  4. Erreferentea izango da Amasa-Villabonan feminismoaren eta berdintasunaren alde lan egiten duten emakume eta talde guztientzat.
  5. Feminista izango da, eta feminismoa zabalduko dugu herri osoan barrena, eta udalerriko berdintasun-politika publikoetan eragingo dugu.
  6. Espazioak malguak eta moldagarriak izango dira, erabakiko diren programak eta ekintzak garatu ahal izateko.
  7. Topalekua izango da, sormena, hausnarketa eta, batez ere, egiteko beste modu batzuk sustatuko dituena. Halaber, erosoa izango da, dibertsiorako eta pozerako lekua.
  8. Ikasteko lekua izango da; horretan, emakumeok beste emakumeek irakatsitakoa ikasiko dugu, eta denok izango dugu gainerakoei zer irakatsi.
  9. Errespetuak eta ekitateak zuzenduko dute Txokoa.

 

Erabiltzaileak

Txokoa erabili ahal izango dute aipaturiko helburu nagusiak lortzeko zerrendatutako oinarriak betetzen dituzten ekintzak gauzatzen dituzten emakumeek; Txokoko ekintza hauetan parte hartu nahi duten emakumeak barne. Feminismoa edo genero berdintasuna lantzen duten eragile eta elkarteek ere erabili ahal izango dute, nahiz eta Amasa-Villabonako taldeak ez izan.

Zentzu horretan, ekintza mistorik edota gizonei bideratutakoak antolatuko balira, Txokotik kanpoko beste lekuren batean gauzatuko lirateke.

Lokal hau erabiltzeko eskaera Lurgatz talde feministak bideratuko du eta eskaerak honako kontaktura bideratu ahal izango dira:

Lurgatz talde feminista: lurgatztaldefeminista@gmail.com

Norbaitek presentzialki beraiekin harremanetan jarri nahi badu, taldea asteartero bilduko da arratsaldeko 19:30etan

Emakumeon txoko morearen irudi edo logoa lehiaketa baten bidez aukeratua izango da eta aurrerago jakinaraziko dira lehiaketan parte hartzeko baldintzak eta epeak".

Unzuek azpimarratu zuenez, "Amasa-Villabonako udal gobernuak oso positiboki baloratzen du herriko talde feministarekin akordioa lortu izana eta hemendik aurrera mugimendu feministaren elkargune eta erreferentea izango den espazio berri eta inklusibo honen sorrera. Udal gobernu honen lehentasunetako bat da genero berdintasunaren bidean, politika feminista aktiboak garatzea eta gaur aurkezten dugun espazio honen irekiera aurrera pausu bat izango da norabide horretan".

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!