Kilometroak 2020

Pello Mari Otaño ikerketa beka aurkeztu dute

Ainhoa Arozena 2020ko ots. 5a, 16:35

Teodoro Hernandorena Kultur Elkarteko, Kilometroak Kultur Elkarteko, Mintzola Ahozko Lantegiko nahiz Zubimusu Ikastolako kideak, Subijana etxearen atarian, prentsaurrekoaren aurretik.

Aiztondoko bertsolaritzari buruzko ikerketa zientifikoa bultzatzeko xedea du Pello Mari Otaño ikerketa bekak. Gaur eguerdian aurkeztu dute prentsaurrean. Kilometroak Kultur Elkarteak eta Mintzola Ahozko Lantegiak egin dute deialdia, Zubimusu Ikastola eta Hernandorena Kultur Elkartearen babesarekin.

Aiztondoko bertsolaritzaren ikerketa eta haren dibulgazioa egitea da deialdi honen helburua. Bertsolaritza eta emakumea Aiztondon ikergaia helburu duten proiektuak lehenetsiko direla adierazi dute. Dena den, bestelako gairik duten ikerketa proiektu edo monografikoak ere onartuko dira, beti ere Aiztondoko ahozkotasunari edo ahozko kultur sorkuntzari (antzerkia, ahozko narrazio, kantu, bertso…) buruzko jakintza ikertzeko helburua baldin badute.

Aurkezpen-saioan zehar, Beñat Gaztelumendik, Mikel Egibarrek, Nerea Zumeagak eta Joxin Azkuek hartu dute hitza, hurrenez hurren,  Mintzola Ahozko Lantegiaren, Kilometroak Kultur Elkartearen, Zubimusu Ikastolaren eta Teodoro Hernandorena elkartearen izenean.

Herria eta eskualdea aberasten
Beñat Gaztelumendik ekin dio aurkezpenari eta Mintzola Ahozko Lantegiarentzat halako ekimena aurkeztea bereziki pozgarria dela nabarmendu du. “Dakizuenez, Euskal Herri mailako proiektua da gurea, baina egoitza Amasa-Villabonan daukagu eta hasieratik saiatu izan gara bai herria eta bai eskualdea aberasten, eta proiektu hau horretarako bide ezin hobea da guretzat. Bereziki pozik gaude, beraz, eta bereziki eskertzen ditugu gaur gure aldamenean dauzkagun guztiak”.

Mintzola Ahozko Lantegia 2008an martxan jarri zenetik,  Gipuzkoako Foru Aldundia, Kutxa Fundazioa, Euskal Herriko Unibertsitatea, Bertsozale Elkartea eta Amasa-Villabonako Udala elkarlanean ari direla adierazi du Beñat Gaztelumendik. “Gure jardun-esparrua beti izan da ikerketa eta ikerketak sustatzen aritu izan gara, baina gure helburua ez da ikertzea bakarrik. Ikertutako horren bidez ahozko kultur sorkuntzan eragitea da gure helburua, bide berriak zabaltzea, ahozko kultur sorkuntzaren inguruko mugimenduak indartzea…, eta horretarako ikerketa sekulako tresna da”. 2008az geroztik lurra lantzen aritu direla esan du, harremanak eginez, beste eragileekin batera, edota, jendea xaxatzen, ikertzen jar dadin. Eta emaitzak ikusten ari direla azaldu du, “besteak beste, azken aste hauetan guk diruz lagundutako eta guk bultzatutako bi doktoretza-tesi aurkeztu dira. Alde batetik, Antxoka Agirre ikerlari eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea denak, Bertsolaritzaren hedabideratzea aztertu du. Eta bestetik, Miren Artetxe, bertsolari, ikerlari eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle denak Ipar Euskal Herriko bertso eskoletako gazteen hizkuntza ibilbideak aztertzen dituen doktoretza tesia aurkeztu du. Datozen asteetan horiek aurkezten eta horiek zukutzen arituko gara, esan bezala, horien bidez eragin ahal izateko”.

Baina gaurkora etorrita, Pello Mari Otaño ikerketa bekaren helburua argitu du, “Aiztondon bertsolaritza ikertzea eta haren dibulgazioa egitea. Eta bereziki lehenetsiko ditugu emakumea eta bertsolaritzaren arteko harremana lantzen duten ikerketak. Bestelako gaiak badira ere, berdin-berdin aurkez litezke, baldin eta Aiztondoko ahozkotasuna eta ahozko kultur sorkuntza lantzen baldin badituzte”.

  • 3000 euroko dirulaguntza esleituko dute ikerketa bekari lotuta.
  • Eskariak 2020ko apirilaren 2ra arte aurkeztu ahal izango dira Mintzola Ahozko Lantegian (Subijana etxea, Kale Nagusia, 70. 20150 Amasa-Villabona).
  • Zubimusu Ikastola, Mintzola Ahozka Lantegia eta Hernandorena Kultur Elkarteko kide batez osatutako epai-batzordeak baloratuko ditu proposamenak eta puntuaziorik altuena lortzen duenari esleituko zaio beka.
  • Proiektuari dagokion ikerketa lana 2021eko maiatzaren 9a baino lehen entregatu beharko da idatzita, epai-batzordeak ontzat eman dezan.
  • Deialdiari buruzko informazioa eta urratsak: zubimusuikastola.eus, www.kilometroak.eus eta www.mintzola.eus.
  • Zalantzak argitzeko: administrazioa@mintzola.eus

Azterketa, ikerketa eta analisia
Kilometroak espazio eta gune ludikoa dela esanez jarraitu du aurkezpena, Mikel Egibar, Kilometroak Kultur Elkarteko koordinatzaileak. “Ikastola proiektu pedagogikoa den bezala, Kilometroak berak antolatzen eta kudeatzen dituen une eta gune ludikoak euskaratik eta euskaraz egiteko konpromisoa du. Urtetik urtera Kilometroak jaiak tinko eutsi dio eginkizun horri, alegia, euskal jendartea euskaldunduz, herri honen zerbitzurako lan egiteari. Kilometroak berritze fase batean murgilduta dago. Bere proiektua herri-onurarako ere antolatzen da. Herritik sortua eta herriari eskainia”. Kilometroak jaia dela eta bertsolaritza, berriz, jolasa, baina bata zein bestea elkar lotuta daudela ere adierazi du Egibarrek, euskal kulturan guztiz txertatuta. “Bertsolaritzak azken hamarkadetan fenomeno berri eta garaikideetara egokitzen jakin du eta hortik datorkio, seguru aski, gaur egun duen indarra. Gure herriak, euskararen herriak, belaunaldi berriak erakartzeko ekimen garaikideak izan behar ditu. Horretarako, azterketa, ikerketa eta analisia behar da. Guk martxan jarri dugun Pello Mari Otaño bekarekin, beste eragileekin batera, bidelagun izan nahi dugu ekimen hau aurrera eramateko”. Beraz, Mintzola Ahozko Lantegia, Teodoro Hernandorena Kultur Elkartea eta aurten Kilometroak jaia antolatuko duen Zubimusu Ikastolarekin elkarlanean arituko direla jakinarazi du.

Pello Mari Otañoren eta Zubimusu Ikastolaren balioak
Zubimusu Ikastolak sorreratik bere egin dituen ezaugarriak zerrendatu ditu Nerea Zumeaga ikastolako gerenteak. “Batetik, proiektu herritartzat du bere burua. Hortik herri onurako kooperatiba izaera. Hau da, herritik eta herriarentzat sortutako proiektua da gurea. Bigarrenik, Aiztondo eskualdea du bere eragin esparru. Bailarari hezkuntza eredu propioa eskaintzea du xede gure ikastolak. Hirugarrenik, Euskal Herria eta euskara dira gure proiektuaren oinarri garrantzitsuetako batzuk. Azkenik, elkarlanean sinesten dugu. Ikastolako komunitatearen eta herri eragileen arteko elkarlanean”. Eta hori guztia kontuan hartuta, Pello Mari Otaño poeta eta bertsolari zizurkildarraren izena daraman beka honetan laguntzaile moduan parte hartzea, eurentzat ohorea dela azpimarratu du. “Pello Mari Otañok inork gutxik bezala islatzen baititu Zubimusu Ikastolaren balioak: euskalzaletasuna, eraldaketa, herrialdearekiko maitasuna. Bestetik, ikerketa beka hau aurrera eramateko moduak, herri eragile ezberdinak batera jardunik, hainbestetan aipatzen dugun elkarlan edo auzolanaren adibide ezin hobea dela deritzogu. Bukatzeko, herriarentzat egiten dugun zerbait da. Xumea izanagatik ere, beka honekin Aiztondo eskualdeari, bertsolaritzari eta emakumeak bertan izan duen paperari gure ekarpentxoa egin ahal diogula biziki sinesten dugu”. Aurrera jarraitzeko, erroak sendo izatea ezinbesteko dela esanaz amaitu du, “Belaunaldi berriek jarrai dezaten iturri zaharreko ur berria edaten”.

Pello Mari Otaño eta euskararen egoera
Teodoro Hernandorena kultur elkarteko kide Joxin Azkuek, Zizurkilgo Errekalde baserrian jaio zen Pello Mari Otaño bertsolaria eta poeta izan du hizpide bere hizketaldian. Kilometroak Txikiaren baitan, Otañoren jaiotetxean egin zen horma-irudian ageri den bertsoari aipamena eginez ekin dio, ‘ni jaio nintzan Euskal lurreko leku pozgarri abetan, eta euskera irintsi nuben lenbiziko arnasetan’. “Ez dugu hemen deskubrituko Pello Mari Otañoren bertsogintzaren maila gorena. Ikerketa asko eta sakonak egin dira poeta zizurkildarraren bertso eta olerkiak aztertuz. Aipatu bakarrik, berezko dohainak erakutsi zituela Otañok bertsogintzaren alorrean: ugaritasuna, zehaztasuna, abilezia… Juan Mari Lekuona adituaren iritziz, XX. mendean zehar Otaño izan da bertsolaritzan gehien eragin duen maisua. Aitzolek eta Orixek, Baserrik, Uztapidek, Amurizak eta beste bertsolari ugarik eredutzat hartu zuten. Are eta gehiago herritarrek, gerraurrean eta gerra ostean bertsozale askok eta askok buruz ikasten eta kantatzen zituzten Otañoren bertsoak”, adierazi du. Pello Mari Otañok Argentinara hiru bider jo zuela gogoratu du, ‘Ez nua nere bondatez, bearrak narama, nerekin daramazkit iru ume ta ama’. Baina beti Euskal Herriari begira zeudela bere pentsamendua eta ametsak, ‘Natorren bide beretik jira nahi nuke atzera, ni jaiotako lur maiteari hezurrak entregatzera’. Pello Mariren pentsaeraren bilakaera azpimarratu du Joxin Azkuek bere hizketaldiaren amaieran, “begi-bistakoa baita. Etxean liberalen iturririk edan  ondoren, errepublizakazale eta foruzale agertu zen gero. Azken urteetan, berriz, mezu erabat abertzaleak zabaldu zituen hitzaldi nahiz bertsoen bidez. Kilometroak festa Zizurkilera eta Amasa-Villabonara datorren honetan, Teodoro Hernandorena elkartetik gogora ekarri nahi genuke orduan ere Pello Mari Otañori euskararen egoerak sortzen zizkion kezka handiak. Eta Euskal Herriaren batasunaz ari zela, mugaren bi aldeetako euskaldunez, bitan banatzen gaituen Bidasoa ibaiaz. Hona, amaitzeko, adibidea, 1900. urtean idatziriko Zazpiak bat sortako bertsoak. ‘Zazpi ahizparen gai den oihala ebakirikan erditik, alde batera hiru soineko utzirikan lau besterik, goraiziekin bereizi arren bakoitza bere aldetik, ezagutzen da jantzi direla zazpiak oihal beretik”.

 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!