"Ez dut besterik ezagutu eta ez nuke bizitza musikarik gabe ulertuko"

Musikari hertsiki lotuta bizi da Iñaki Zalakain billabonatarra. Besteak beste, musikoterapiaren alderdi baikorrez nahiz musika irakasle gisa egiten duen lanaz hitz egin du ondorengo elkarrizketan.

Elkarrizketa osorik, Aiurri hamaboskariko 554 zenbakian.

 

… Gazterik hasi zinen orkestran eta gazterik musika irakasle gisa ere...
17 urte nituela, institutuan ikasten ari nintzela, Villabonako Udalak bi musika irakasle behar zituela eta oposaketak atera zituen. Aurkeztu egin nintzen eta postua eskuratu nuen. 1982an hasi nintzen irakasle gisa lanean eta gaur egunera arte.

2002 urtean Loatzo musika eskola sortu zen. Aduna, Altzo, Alegia, Anoeta, Irura, Ibarra, Villabona eta Zizurkil, zortzi herriz osatutako mankomunitatea. Eta zortzi herri horietan barrena ibiltzen gara irakasleak. Gai ezberdinak lantzen ditut nik. Egun, 8-12 urte bitarteko gaztetxoen hiru abesbatza talde zuzentzen ditut hiru herritan, musika hizkuntza taldeak (8-12 urte) eta musika tailerrak (4-7 urte).

Musika-tresnak jotzeaz edo abesten erakusteaz gain, musika sentitzen eta bizitzen ere irakasten diezue ikasleei...
Gure gelak emozioak eta sentimenduak kanporatzeko gune izan behar du eta horretarako aukera ematen diegu ikasleei, akademikoki landu behar ditugun gaiak lantzearekin batera. Horrez gain, beti dauzkagu prestatzeko ekintzak. Irailean hasi eta Xexili eguna lehenengo, Gabonak, Kaldereroak, audizoak, zazpi urteko ikasleekin tresna aukeratzeko saioak, ikasturte amaierako emanaldia...

Ikasleen artean sumatzen ditugun beharretara egokitzen ahalegintzen gara irakasleok. Egia esan, umeek beraiek eskatzen dute zer behar duten eta haien beharrak ikusi eta erantzuten saiatzen gara. Eta horretarako, errekurtsoak behar ditugu irakasleok, prozesu ebolutiboa emanaz beti, umearen adina errespetatuz egiten dugu aurrera, musika bizitzen irakatsiz. Baina, azken batean, helburu nagusia, ikaslea gustura senti dadin lortzea da. Eskolaz kanpoko ekintza izanik, gustura etor dadin musika eskolara.

Egun, umeak teknologia berrietara oso ohituta daude eta, alde horretatik, eskolan inbertsioak egitea falta zaigu: tailerretako geletan arbel interaktiboak jartzea, baita bozgorailu egokiak ere, musika kalitatez entzuteko aukera eskaintzeko. Aukera hori edukita, umeak ume izanagatik, gai baitira musika helduak bezain ondo –edo hobeto– jasotzeko.

Haur eta gaztetxoen taldeekin batera, berrikuntza berezi bat duzue aurten esku artean...
Bai, esperimentu bezala, adineko pertsonei zuzenduta, musika eskolak eskaintzeko aukera sortu da aurten. Gustu handiz hartu dute, gustura etortzen dira. Kantuen errepertorio zaharra atera eta ariketa ezberdinak egiten ditugu abestien inguruan; letrak gogoratu, musika-tresnekin lagundu, inprobisazioak egin...

Santiago egoitzako kideak dira eta, astean behin, bi talde etortzen dira, ordubetez. Gelan, borobilean jarrita, bakoitzari musikak sorrarazten diona kanporatzen dute, esku artean musika-tresnaren bat hartuta, mugimendurako nahiz sentimenduak adierazteko askatasuna sentituz.

60 urteren bueltako bi ikasle ditut talde horietan eta gainerakoak, 84tik gorakoak dira. Haietatik hiru 97 urtekoak. Musikak gazte garaitako oroitzapenetara eramaten ditu eta indarberrituta sentitzen dira.
Hurrengo pausoa, adineko pertsonen musika tailerrak beste herrietara zabaltzea litzateke. Ikusi egin behar zer nolako erantzuna izaten duen proposamenak.

Musikoterapia ikasketak amaitu zenituen 2016an. Ikasleekin elkarbanatzeko jakintza berria!
Ez dago oso garbi eskola barruan musikoterapia uztartu behar den edo ez. Niri ondo legokeela iruditzen zait; adineko pertsonek bezala, hainbat haurrek ere laguntza behar baitute eta musikak lagundu egiten baitu kasu askotan: hiperaktibitatearen, kontzentrazio faltaren, dislexiaren edo autismoaren aurrean, besteak beste. Baita, esaterako, lotsaren edo eszenatokiko beldurraren aurrean ere.

Zer da musikoterapia? Nola deskribatuko zenuke?
Musikoterapia, melodia ezberdinek gure gorputzean sortzen dituzten sentsazioez baliatuz, musikaren bidez osasun arazoak saihesteko erabiltzen den teknika terapeutikoa da. Ikasle bakoitzaren pertsonalitate musikala aurkitu behar da, musika egokia aukeratzeko.

Musika eta mugimendua zientifikoki aplikatzea da musikoterapia, entzumena eta soinuaren exekuzioaren bitartez komunikazioa bideratu, espresio indibiduala bultzatu eta integrazio soziala eragiteko.
Musikoterapia prozesuan zehar komunikazio kanalak irekitzen dira eta ahozkoa ez den komunikazio mailara iristen da taldea, integrazio fasera.

Azken batean, musikaren eta bere elementuen artean, –soinua, erritmoa, armonia, melodia, isiltasuna...–, elkarren arteko harremana sortzea litzateke helburua.

-----------------------------------------------------------------------------------------------------

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.

  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!