Villabonako PSE-EE-ren prentsa oharra

Aiurri 2020ko ots. 11a, 14:58

Villabonako PSE-EE alderdiako bozeramailea den Maria Luisa Arijak prentsa oharra bidali du, Udal Gobernuaren lehen sei-hilakoaren balorazioa egiteko:

"Villabonako PSE-Eek oposizioarekiko errespetu falta aurpegiratu dio Udal Gobernuari"

 

"Villabonako PSE-EE alderdiaren bozeramale Maria Luisa Arijaren iritziz, oposizioa “isilarazteko” saiakera dago. EhBilduren jarrera garbi dago eta ez da kasualitate hutsa, izan ere, jokabide horren atzean, oposizioko alderdiei gure lana egin eta gobernu-lana modu egokian fiskalizatzen ez uzteko “ildo politikoa” dago.

Dagoeneko sei hilabete dira legealdia hasi zela eta EhBilduren Udal gobernuaren kezka nagusia haiek bezala pentsatzen ez dugunok “itotzea” izanda, haien ‘rodilloa’ ezarriz. “Zinegotziok kobratzen ditugun dietak minimora jaistea izan zen lehendabizikoa eta orain, Udaleko batzordeen ordez mahai informatiboak egiteko saiakera egiten ari dira. Horrez gain, urgentziaz deitzen diren zenbait batzordetako dokumentazioa falta zaigu”.

Gainera, EhBilduren inguruko elkarteak diruz-laguntzen dira; 2020ko aurrekontuetan Udalbiltzari zuzendutako partida aurreikusten da. “Ez dakigu zertara bideratuko duen dirua elkarte horrek, baina ziur gaude ez direla Villabonako ekintzetara bideratuko”, esan du.

Komunikatu bidez, “lidergo falta eta moteltasuna” kritikatu ditu, izan ere, etxebizitza politikara aurrekontuetako partida bat bideratzea erabaki bazen ere, oraindik ez da proposamenik aurkeztu. Ezta sustapen ekonomikoaren arlora ere. Bere iritziz, kezkagarria da, gazteak gure herrira erakarri eta udalerriaren etorkizuna bermatzeko “funtsezko” bi arlo direlako etxebizitza eta ekonomia.

Arijaren ustez, alde batetik jarduera ekonomikoa handitu eta herrian enplegua sortzeko neurriak hartu behar dira. Ekonomia bizkortuko duen plana behar dugu, eta gainera, konfiantza handitu, enpresa jarduera handitu eta lan merkatua mugiaraziko duten neurriak hartu behar dira. Beste alde batetik, EhBilduren Udal gobernuak pausoak eman behar ditu eta formulak bilatu herritarrek etxebizitza duina izateko aukera izan dezaten, horretarako zailtasunak dituztenek bereziki.

Gainera, Udal Gobernuak gauzak egiteko duen modu “aldebakarrekoa” kritikatu du. Lokal bat alokatu du, inongo gardentasunik gabe Lurgatz emakume taldeari emateko, udalerekiko harremana arautuko duen hitzarmenik sinatu gabe, “oposizioak eta Gizarte Ongizateko teknikariek, gutxienez, ez dugu horren berririk”. Ados gaude emakumeak elkartzeko, eztabaidatzeko eta pentsatzeko gunea beharrezkoa dela, benetako berdintasunaren aldeko politika, programa eta proiektuak gauzatu ahal izateko. Horregatik, garrantzitsua iruditzen zaigu “Emakumeon Txoko Morearen” kudeaketan Udalak ere parte har dezala. Izan ere, Lurgatz elkarteak ez luke izan behar arlo horretako ekintzak antolatzen dituen bakarra eta egoitza horretan Udalak bultzatutako udal-politika ere egin beharko litzateke.

Arija kezkatzen duen beste gai era bada; zenbait kontraturen inguruan Udal gobernuak hartutako jokabide “iluna”. Kontratuaren sinaketa presazkoa dela aitzakia hartuta, modu urgentean gobernu batzordea deitzen du exekutiboak eta ez du dokumenturik ematen. Informazio falta horren aurrean, alkateak hartzen ditu erabakiak.

Gainera, Udal gobernua “harroputza” dela dio, izan ere, “inongo alternatibarik eman gabe” bertan behera uzten dituzte aurreko gobernuan martxan jarritako proiektu eta ekimenak, “kostu ekonomikoaz arduratu gabe”. Adibidez, ez du ulertzen 6000 biztanleko herri bateko exekutiboak nola pentsa dezakeen, energiaren prezioa negozia dezakeela, Foru Aldundian elkarrekin egin ahal izateko sortutako erakundeak baino.

Azkenik, “positiboki” nabarmendu du Haurreskolako kuotei aurre egiteko, 30.000 eurotik beherako errenta duten eta 0 eta 3 urte arteko umeren bat duten familiei emandako dirulaguntza, eta 30.000 eurotik gorako errenta duten familiek ikastolako matrikula eta hilabeteko kuota bera ordaintzea. Sozialistok aurkeztutako mozio batek abiarazi zuen ekimena eta PSE-EEren baiezko bozkarekin aurrera atera zen 2019ko aurrekontuetan".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!