Auto elektrikoa erosi du Amasa-Villabonako Udalak

Aiurri 2020ko ots. 19a, 09:50

Auto elektrikoa erabiliko dute, aurrerantzean, Amasa-Villabonako udal langileek. Prentsa ohar bidez jakinarazi dutenez, 28.939 euroko kostua izan du autoak eta Eusko Jaurlaritzaren 4000 euroko diru-laguntza jaso du Udalak:

"Udal gobernuaren iritziz garapen jasangarriaren helburua lortzeko bidean, aurrera urrats xume bat izango da.

Auto elektriko hau Citroen Berlingo klasekoa da eta Amasa-Villabonako udal langileek beren egunerokotasunean erabiliko dute. Udalak garatutako esleipen prozesua amaitu ondoren Urkiola Motor SL enpresari erosi zaio autoa eta guztira 28.939,93 euroko inbertsioa egin da.

Bestalde, aipagarria da auto berri honen erosketarako Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen sailaren diru laguntza ere lortu dela (aldaketa klimatikoari aurre egiteko diru laguntza lerroaren baitan), diru laguntza hori 4.000 eurokoa izan da.

Inbertsio honekin Udalak klima aldaketa eragiten duten gasen igorpenaren jaitsiera lortuko du eta hori albiste ona da dudarik gabe".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!