EAJren kritikei EH Bilduk emandako erantzuna

Aiurri 2020ko ots. 24a, 10:40

Joan zen astean Amasa-Villabonako EAJk bidalitako oharrari erantzuna eman dio EH Bildu alderdiak:

"Villabonako EAJren kritikei erantzunez

Udala inoiz egin den herritarren parte-hartze zuzenaren inguruko ariketa garrantzitsuena martxan jartzen ari den honetan, EAJren ekarpen bakarra komunikabideetan argitaratutako kritikaz jositako oharra izan da. Herri gisa erronka paregabea dugu aurrean eta EAJk guztia lokaztu eta desitxuratu nahi izatea, tamalgarria iruditzen zaigu. Bakoitzak ikusiko du zein den herri honi egin nahi dion ekarpena, baina gu ez gara joko horretan sartuko, gure indar eta gogo guztiak herri galdeketa prozesua ondo garatzera eta herritarren ekarpenak biltzera bideratu nahi ditugu eta.

Jeltzaleek zabaldutako oharrean, besteak beste, udalak egindako batzar irekietara herriko elkarte batzuk ez gonbidatu izana salatzen da eta jarraian, alderdi politikoak ere ez gonbidatzea leporatzen zaio udal gobernuari.

Honakoak gezurrak direla salatu beharrean aurkitzen gara. Parte hartze prozesua azaltzeko egindako bi batzar irekietarako gonbidapena guztiei helarazteko, udalean dagoen herriko elkarteen zerrenda erabili da. Tartean daude EAJk aipatzen dituen hiru elkarteetatik bi. Egia da, Odol Emaileen elkarteari ez zitzaiola mezua bidali, ez baitaude inskribatuak zerrenda horretan. Bestalde, udaleko parte hartze batzordeko partaide diren EAJ eta PSEko ordezkariei ere mezua igorri zitzaien batzar irekian parte hartzeko gonbidapena eginez eta dokumentazioa bidaliz. Gainera, batzar hauetako deialdiaren berri eman zen udal web orrian, sare sozialetan eta eskualdeko komunikabideetan. Udal ordezkari izanik norberaren e-maila, udaleko web orria edota komunikabideak begiratu ere egiten ez badituzte, ez da gure ardura, eta ordezkari hauen interes falta kezkagarria geratzen da agerian.

Aipatzekoa da prozesu hau lantzeko egin zen herritarren parte hartze batzordeko bileran EAJko ordezkariari telefonoz deitu behar izan zitzaiola ez zelako bilerara agertzen, bere erantzuna ahaztu egin zitzaiola izan zela eta pixka bat itxoiteko etorri arte. Nola ez, itxaron egin genion, prozesu honetan denok beharrezkoak garelako.

EAJri informazioa kontrastatu dezala eskatu nahi genioke eta ez ditzala herriko elkarteak oposizioa egiteko arma politiko moduan erabili.

EAJren oharrean hau irakurri dugu: "Alkatetzak ez ofizialki adierazten du 2 edo 3 proposamen baino ez direla sartuko". Baieztapen honek zur eta lur utzi gaitu, EAJko norbaiten imajinazioak asmatutakoa baita. Noiz esan ditu EH Bilduko zinegotzi batek edo alkateak hitz horiek? Zertara dator asmakizun hau? Parte hartze prozesuaren garapenak berak erakutsiko du hori ez dela egia.

"Bilduk dagoeneko iragarri du prentsan herritarren proposamen horietako baten xedea: Larreako parke estalia... herritarrek erabaki baino lehen udal gobernuak erabaki!" dio EAJk.

Azal dezagun gaia: Larreako parkea estaltzearena EH Bilduren udal programako proiektu nagusietako bat zen. Beraz, hauteskundeen ondoren udal gobernua eskuratuta, proiektua gauzatzea (jendeari emandako hitza betetzea) bidezkoa dela ulertzen dugu. Galdeketa batek sinesgarritasuna izan dezan, aurretik egindako galdeketen emaitzak errespetatu eta bete egin behar direla uste dugu.

Jeltzaleen oharrean Beatriz Unzue batzarrean egon ez izana salatzen da. Alkatea une horretan Tolosaldea Garatzen erakundearen batzarrean zegoen gure Udalaren ordezkari gisa lan egiten. Galdetzea besterik ez zuten, publikoki alkateari kritika merke hori egin baino lehen.

EAJren oposizioa egiteko modu honek elkarlanerako aukerak mugatzera eta ezer onik ez dakarren etengabeko tirabira zein liskarrera garamatza, herritarren aurrean ikuskizun penagarria eskainiz. Soluzioak eskaini beharrean, arazo sortzaile izatea, tristea litzateke.

EH Bildutik jarrera hau alde batera uztera gonbidatu nahi ditugu Udalean bidelagun ditugun EAJko kideak. Udal gobernuko jardunean zer hobetu asko dugu, kritika egitea normala eta zilegi da, baina ez dugu jarrera eraikitzailea duen oposizioa ikusten eta horrek ez du laguntzen herritarrentzat lan hobea egiten. Oraingoz, zoritxarrez, horma zurrun, itxi eta erasokor batekin egin dugu topo, oraindik batzuk udal hauteskundeen emaitzak barneratu ezinik dabiltzala erakusten duen horma"

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!