Kilometroak 2020

Kapitainek ere 'korri, punpa, ttak' Lilatoian

Aiurri 2020ko ots. 27a, 12:50

Datorren martxoaren 1ean Lilatoia izango da Donostian. Zubimusu ikastolak Kilometroak 20ren izenean hartuko du parte, talde gisa. Horrez gain, “Zure irrifarra, nire indarra” ekimenarekin ere bat egin du. Urritasun funtzionala duten haurrei laguntzean datza, lasterketetan parte har dezaten. Zubimusuko boluntarioek ikastolako ikasle ohia den Naiara Rodríguezi lagunduko diote Lilatoia egiten. Ondorengo oharra igorri dute, igandeko lasterketaren harira:

Zubimusu ikastolak talde gisa eta Kilometroak 20ren izenean hartuko du parte Lilatoian. Horrenbestez, parekidetasunaren aldeko lasterketan ere ikusgarritasuna eman nahi zaie Kilometroak 20ko logoarieta leloari. Hori dela eta, parte-hartzaileek Kilometroetako nikiak
eramango dituzte soinean. Guztira, 35 lagunek eman dute izena, eta talde-argazki bat atera nahi da lasterketari ekin aurretik. Ondoren, parte-hartzaileetako bakoitzak nahi duen erritmoan egingo du ibilbidea.

Horrez gain, Kilometroak 20 jaiak laguntza eman nahi dio interesgarri bezain aberasgarria iruditu zaion “Zure irrifarra, nire indarra” ekimenari. Proiektua, zehazki esateko, urritasun funtzionala duten haurrei lasterketak egiten laguntzean datza. Boluntarioak, ibilbidean zehar, korrika joaten dira hiru gurpildun aulki egokituei bultza eginez eta txandakatuz. Ekimenaren barruan, urritasun funtzionala duten 10 haurrek hartuko dute parte aurten Lilatoian. Eta gure ikastolako boluntarioek, ilusio handiz, Zubimusuko ikasle ohi izandako Naiara Rodríguez Varari eta Bilboko Lukas Orbezua Sainz-i laguntzeko konpromisoa hartu dute.

Naiarak, ekimena martxan jarri zenetik, hainbat lasterketatan hartu du parte, boluntarioen laguntzaz. Haren amaren hitzetan, edozein lekutara doazela ere, beti izaten da boluntario-lanerako prest agertzen den jendea. Ekimenaren berri izaten dutenean, korrikalari batzuek lasterketa beste ikuspegi batetik egiteko erabakia hartzen dute, zenbaitek marka ontzeko hasierako asmoari uko eginez. Naiarak asko gozatzen duela dio haren amak; batez ere, jendeak animatzen duenean, txalo egiten diotenean, helmugara iristen denean eta abar.

Ekimenaren sorrerari dagokionez, esan beharra dago Idiazabalen bizi den Iakes López beasaindarrak jarri zuela abian, urritasun funtzionala duen Iakes semearekin batera kirola egiteko irrikak bultzatuta eta kirol inklusiboari ateak irekitzeko asmoz. Hori hala izanik, “Carros de Fuego”
sevillar elkartearekin jarri zen harremanetan, eta haien esperientziaz baliatu zen ekimena martxan jartzeko. Bitxikeria bezala aipatzekoa da urritasun funtzionala duten pertsonei “kapitain” izena ematen dietela, sevillar erakundearen ildo beretik.

Boluntarioen eta “kapitainen” artean sortzen diren harremanei dagokienez, Iakesek honakoxea dio: “Boluntarioak lasterketa hasi aurretik hurbiltzen dira gurpildun aulkietan doazen haurrengana, eta hortik aurrera halako magia bat sortzen da, lasterketan zehar areagotzen dena, harreman asko ez baitira hor bukatzen, gerora ere iraun egiten dute”.

Lilatoian ere, magia horixe sortu nahiko genuke, boluntarioek ez ezik parte hartuko duten 10 “kapitainek” ere egun zoragarria igaro dezaten; are gehiago, kapitainetako bat Zubimusuko ikasle ohia dela kontuan hartuta.

Beraz, aurrera boluntarioak eta kapitainak! Lilatoian ere egin dezagun korri, punpa, ttak!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!