400.000 euroko parte-hartze prozesua zabalduko du Amasa-Villabonako Udalak

Aiurri 2020ko mar. 2a, 14:53
Maria Luisa Arija PSOEko zinegotzia, Beatriz Unzue Amasa-Villabonako alkatea, Maite Izagirre EAJko zinegotzia eta Xabat Laborde alkateordea.

Proiektuak aurkezteko epea martxoaren 9tik 29ra izango da, eta herri galdeketa maiatzaren 22tik 31era ospatuko da.

Amasa-Villabonako Herritarren Parte Hartzeko Batzordeko partaideak bildu dira prentsaurrekoan datozen hilabeteetan udalak garatuko duen parte-hartze prozesuaren berri emateko. Modu horretan, herritarrek 400.000 euro zertan gastatu erabaki ahal izango dute beren proiektuak aurkeztuz eta ondoren, herri galdeketaren bitartez, proiektuei bozka emanez. Amasa-Villabonan erroldatuta dauden 16 urtetik gorako herritar guztiek hartu ahal izango dute parte, eta proiektuak aurkezteko epea martxoaren 9tik 29 arte izango da. Beatriz Unzue Amasa-Villabonako alkateak adierazi duenez, "gure herrian eragina duten erabakietan herritarren parte-hartze zuzena sustatzeko konbentzimendua eta asmo irmoa adierazten dugu. Kalitate eta sakontasun handiagoa izango duen demokrazia eredu parte-hartzaile eta zuzena da gure iparra".

Proiektuak aurkezteko epea
Martxoaren 9tik 29 bitartean aurkeztu daitezke proiektuak. Bete beharreko baldintzak betetzen dituzten proiektu proposamenak, aukeratzeko egongo diren proiektuen artean txertatuko dira. Proposamenek bete beharreko baldintzak hauek dira: azalpen zehatza, proiektuaren justifikazioa eta aurrekontua definituta egotea. Horretarako udalak inprimaki berezi bat jarriko du herritarren eskura. Inprimakia udaleko arreta zerbitzuan edo www.villabona.eus webgunean eskuratu ahal izango da.

Proposamenak apirilaren 19rako aurkeztuko ditu udalak bere teknikarien bitartez proiektuen bideragarrirtasun ekonomikoa, araudia edo legedia errespetatzen duen eta abar egiaztatuz. Proiektua aurkeztu duten guztiei erantzun bat emango zaie.

Maiatzean herritarrei informazioa zabaldu
Aukeratzeko izango diren proiektu edo egitasmoen zerrenda erabakita ondoren zabalduko zaie herritarrei informazioa. Helburua herritar guztiek galdeketaren informazio objektibo, garden eta erraz ulertzeko modukoa jasotzea izango da.

Udalak aldizkari berezi informatiboa argitaratuko du eta herriko etxe guztietara banatuko du. Horrekin batera, ahalik eta tresna eraginkorrenak erabiliko dira herritarrek prozesuaren berri izan dezaten.

Informazio guztiak baldintza batzuk beteko dituzte, hala nola proiektuen azalpenen objektibotasuna, proiektu guztiek tarte berbera izatea... Proiektu konkreturen batek “abantaila” izatea edo euskarrien diseinuak herritarren botoa “bideratzea” saihestuko da.

Herri galdeketa, maiatza amaieran
Proiektuak herritarrei aukeztu ostean, herri galdeketa ospatuko da. Bozkatzeko epea maiatzaren 22tik 31era bitartean izango da, eta bozka emateko bi modu daude aukeran. Batetik, bozketa telematikoa. Herritarrek 'Amavi' izeneko app-aren bitartez bozkatu ahal izango dute. Tresna berri hori martxoan zehar aurkeztuko du Amasa-Villabonako Udalak. Bigarrenik, bozketa presentziala. Kasu horretan, maiatzaren 25etik 31era bitartez ospatuko da. Bide horretatik herritarrek udaletzeko arreta bulegoan boto-papera bete eta bertako hautetsontzian sartu beharko dute.

Bozken kontaketa maiatzaren 31ean ospatuko da, eta udaletik adierazi dutenez "berme guztiekin egingo da: udal Idazkariaren eta Herritarren parte hartze Batzordeko ordezkari politikoen presentziarekin. Kontaketa ekitaldi publikoa izango da, herritarrek ikusle gisa parte hartu ahal izango dute".

Emaitzaren berri ekainaren 1ean emango dute jakitera udaleko herritarren parte hartze batzordeko kideek publikoki hedabideen aurrean. Bertan, 2020. urtean Amasa-Villabonako Udalak abiatuko dituen proiektuak zeintzuk diren adieraziko da.

Prentsaurrekoan egon dira Beatriz Unzue Amasa-Villabonako alkatea, Xabat Laborde alkateordea, Maite Izagirre EAJko zinegotzia eta Maria Luisa Arija PSEko zinegotzia. Gorka Kamiok, EH Bilduko hirugarren partaideak, ezin izan du prentsaurrekora joan gaixorik dagoelako. Azpimarratu dute ekimenak alderdi politiko guztien arteko adostasuna lortu duela, otsailaren 25ean ospatu zen Herritarren Parte Hartzeko Batzordean proposamena aho batez onartu ostean. Alkateak gehitu du "konfiantza osoa" dutela prozeasuren emaitza oso positiboa izango dela.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!