2020ko Martxoak 8

"Gerturatu nahi duenarentzat zabalik dauzkagu ateak"

Ainhoa Arozena 2020ko mar. 5a, 13:52

Lurgatz talde feministak, Aiztondo mailako feministekin batera, martxo osorako egitarau zabala osatu du. Ekintzatan parte hartzeko gonbita luzatu dute.

Erreportajea osorik: Aiurri hamaboskariaren 556 zenbakian.

2018ko Martxoak 8 egunaren bueltan sortu zen Amasa-Villabonako Lurgatz talde feminista. Orduz geroztik lanean ari dira herrian nahiz gizartean eragin nahian. Hilabete luzetan Udalari biltzeko gune bat eskatzen aritu ostean, otsailaren hasieran eskuratu zuten Errota kaleko 4. zenbakian kokatzen den Emakumeon Txoko Morea. Bertan egin dugu hitzordua.

Lurgatz taldearen helburu nagusia, feminismoa eta berdintasuna bultzatzea da, egunerokotasunera ekartzeko, "feminista gisa formatzen jarraituz, noski; informatu eta feminismoan ahalduntzen diren emakumeak formatzen jarraitu ahal izateko".

"Emakumeon Txoko Morea gure artean biltzeko gunea da, batak bestearengandik ikasteko lekua", adierazi dute. Aurrerantzean euren txokoan batzeaz gain, bertan lan egiteko aukera izango dute, barruak hustuz, ideiak partekatuz. "Motorra Lurgatz taldea izanik, momentu honetan urte guztirako formakuntza egutegia adosten eta osatzen ari gara. Ondorengo pausoa, herrian dauden hutsuneak identifikatzea litzateke eta Udalarekin elkarlanean, arlo horretan lan egitea. Horrez gain, oso garrantzitsua iruditzen zaigu Villabonan bakarrik lan egin beharrean, saretu eta Aiztondo bailarako feministekin nahiz Tolosaldeko Asanblada Feministarekin elkarlanean aritzea", diote. Hutsuneak identifikatu eta haiei erantzuteko nahiz egunerokoan lan egiteko, buruan darabilte berdintasun teknikari baten figura, izan ere, euren ustez, "oinarri feminista duen berdintasun teknikaria beharko litzateke herrian".

Feminismoaren aldarriak, ezinbesteko
Emakumeon Txoko Morea, bi gelaz eta biltegi koskor batez osatutako egoitza da. "Oso lasaigarria da guretzat halako leku bat izatea, arnasgunea da. Feminismoaren aurrean, etengabe, muga ezberdinekin topo egiten dugunean, oso lagungarria baita barruan dugun hori adierazteko leku seguru bat izatea eta beste herrietara zabaltzeko aukera edukitzea, besteak beste, baita gure borroka ospatzeko ere". Mugimendu feminista, dudarik gabe, gizarteak kontuan eduki behar duen mugimendua dela adierazi dute aho batez, "berdintasunean oinarritutako etorkizuna lortzekotan, aldarrikapen feministei beren lekua ematea ezinbestekoa da".

Gizartearen aurrerabidea berdintasunak bermatuko duela diote eta, zentzugabea dela, egun, oraindik, generoaren araberako bereizketa egitea "Historian zehar hainbat arazo eta gatazka gainditu da, baina oraindik gainditzeke daude beste hainbat; tartean, generoaren gaia".

Hilabete osoko egitaraua
Ate joka dugun martxoaren 8ari begira, bestalde, hainbat ekintza antolatu dute, baina aurtengoan bada nabarmendu nahi duten zerbait, herri mailan beharrean, Aiztondo mailan hilabete osoko egitarau zabala osatu baitute elkarlanean. "Ez diogu, beraz, Martxoak 8 egunari bakarrik garrantzia eman behar, egunero egiten dugun lanari baizik. Eta kasu honetan, martxoa ekintzaz beteta etorriko da. Azpimarratzekoa iruditzen zaigu hori". Besteren artean, martxoaren 7koa, ekintza bateratua polita izango dela uste dute, "batik bat, Tolosaldea bezala antolatu dugulako. Bi gune ezberdinetatik abiatuta, Aiztondoko emakumeak Zizurkildik eta Tolosaldekoak Tolosatik, Anoetan elkartuko gara guztiak. Iaztik eman dugun pausorik garrantzitsuena saretzea izan da eta Aiztondo bailaran, egunerokotasunean lan eginez, egitarau zabala prestatzea lortu dugu, herri ezberdinak batuz".

Emakumeak saretzea eta ekintzak elkarrekin antolatu eta elkar ezagutzea, horixe iaztik aurtenera eman duten pausorik garrantzitsuena. Azken batean, denborak beharra dagoela erakutsi die. Pauso kualitatiboa eman dute, beraz. Baina martxoko egitarau potoloa bat-batean sortu ez dela nabarmendu dute Lurgatzeko kideek, aurretik lan handia eginaz baizik, "lanaren eta saretzearen emaitza izan da". Era guztietako ekimenak antolatu dituzte datozen egunetarako, Udalen laguntzarekin, oinarrian beti feminismoa izanda: hitzaldi, aurkezpen, ikus-entzunezko... Eta gonbita luzatu nahi dute, hilabete osoko ekintzatan parte hartzeko gonbita. Bada non aukeratua. Egitarau osoa ondoko albistean.

-----------------------------------------------------------------------------------------------------

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!