Ameztoy margolariaren lana, Bilboko Arte Ederren Museoan

Ainhoa Gil 2020ko mar. 6a, 11:11

Bixente Ameztoy margolari billabonatarraren orain arteko bildumarik osatuena ikusgai dago Bilboko Arte Ederren Museoan. Bere margolan ikusgarriez gain, erakusketan badira kartelak, liburu azalak edota kutxak ere. Ekainaren 7ra arte egongo da zabalik.

Erreportajea osorik: Aiurri hamaboskariaren 556 zenbakian.

1946ko urtarrilaren 30ean jaio zen Bixente Ameztoy Olasagasti, Donostian. Txiki-txikitatik erakutsi zuen margotzeko dohain berezia. Oraindik ere Villabonako Etxeondo etxean gordeta dituzte Bixentek umetan egindako marrazki eta margolanak. Familiartekoen babesarekin, bere kasara trebatu zen margogintzan, erabat modu autodidaktan eta oso gazte zela egin zituen lehen erakusketak.

1960ko hamarkadaren amaieratik aurrera egindako margolanetan ageri da Bixentek mundua ikusteko eta sentitzeko zuen modu berezia, hortxe finkatu zuen bere estiloa, bere lanerako modua. Garai hartan hasi zen garatzen bere ibilbidearen amaiera arte landu zuen mundu majikoa. Gizakia eta naturaren arteko harremana irudikatu zuen bere lanetan, oso berea zuen moduan.

Bixente Ameztoyren inguruan orain arte egin den erakusketarik osatuena da Bilboko Arte Ederren Museoan jarri dutena. 53 margolan daude guztira, eta baita marrazki, kartel eta bestelako lanak ere. Ameztoyren lana sakonean ezagutzeko aukera eskaintzen du erakusketak eta ekainaren 7ra arte egongo da zabalik.

2001eko azaroaren 6an hil zen Bixente Ameztoy, eta handik gutxira jaso zuen familiak haren lanaren inguruko erakusketa antolatzeko proposamena. Urteak aurrera, erakusketaren proiektua aldatuz joan zen, harik eta museoak zuzendari berria izan zuen arte. Hala azaldu du Bixenteren alaba Virginiak: "Miguel Zugazak hartu zuen zuzendari kargua, eta hura jarri zen gurekin harremanetan. Argi esan zigun ez zuela gertutik ezagutzen gure aitaren lana, baina bazuela erakusketa antolatzeko gogoa. Oso modu errazean hartu zuen forma ekimenak".

Oso gaztea zela egin zuen Bixente Ameztoyk bere lehen erakusketa handia, "eta Madrilen izan zen. Horregatik, orain Bilbon dagoen erakusketa hau Madrilera ere eramatea egokia zela iruditzen zitzaigun amari eta biori. Horretan ere berehala aurkitu genuen adostasuna, eta Círculo de Bellas Artesen jarri zuten, urritik urtarrilera arte".

Erakusketarik osatuena
Oleoek hartu zuten protagonismo nagusia Madrilgo erakusketan. Bilboko erakusketa, ordea, osatuagoa da. 1960ko hamarkadan hasi, eta bere heriotza arte, Bixente Ameztoyk egindako lana laburbiltzen du. Oleoak, marrazkiak, kartelak, kutxak... Miriam Alzuri eta Javier Villar izan dira erakusketako komisarioak "eta lan handia egin dute urte askoan zehar. Aitaren lan piloa aurkitu dute. Erakusketarako, sailkapena egin behar izan zuten, bilduma esanguratsua erakusgai jartzeko".

Ameztoyk erabiltzen zituen teknika ezberdinak daude ikusgai Bilbon, modu kronologikoan antolatuta. Virginia alabak azaldu duenez, "Oso gustura gaude emaitzarekin. Obrak ez dituzte pilatu, ondo arnasten dute eta haiekin gozatzeko aukera ematen diote bisitariari. Aitaren ibilbidea ikusteko aukera ematen du".

Etxekoek parte hartu dute erakusketaren muntaian ere. "Museoko arduradunek ez zuten obra askorik sartu nahi. Nire amak, ordea, ezinbestekoa ikusten zuen zenbait obra erakusketan izatea eta indar handia egin du horretan. Emaitza ikusita, arrazoi guztia zuela esan behar da. Amak asko daki aitaren lanaren inguruan. Hura izan da bere defendatzailerik eta jarraitzailerik sutsuena", azaldu du Virginiak.

Martxoak 14, larunbata
Amasa-Villabonako Udalak irteera antolatu du Bixente Ameztoyren erakusketa ikustera joateko. Martxoaren 14an, Bilbora autobusez joan, erakusketa ikusi, eta herrirako itzulera antolatu dute. Martxoaren 9ra arte zabalik egongo da izena emateko aukera. Helduek 15 euro ordainduko dute eta 25 urtez azpikoek 8 euro besterik ez.

-----------------------------------------------------------------------------------------------------

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!