"Pala gomazko Euskal Herriko finala jokatuko dut Mallabian"

Sei urterekin heldu zion pilota munduari eta, geroztik, ordu asko igaro du pilotalekuetan. Villabonako Bearzana pilotalekuan jarri dugu hitzordua, emakumeen pilotaz zabal hitz egiteko.

Elkarrizketa osorik: Aiurri hamaboskariaren 556 zenbakian.

Nondik datorkizu pilotarekiko zaletasuna?
Nire aita pilotan aritzen zen, pala ere gustatzen zitzaion. Zizurkildarra naiz eta bertan ez zegoen talderik. Behar Zana elkartean hasi nintzen, baina Villabonan frontoi estalirik ez zegoenez, Amasan entrenatzen nuen. Sei urterekin sortu zitzaidan zaletasuna. 

Esku-pilotan aritu zinen hasiera hartan...
Bai, eskuz hasi nintzen. Hamabi urteren bueltan, mutilak neskak baino indar gehiago edukitzen hasten dira. Orduan, palara bideratu ninduten. Iruran egiten zituzten palako entrenamentu saioak, eta hara joaten nintzen.

Beraz, pilota munduan jarraitzeko modu bakarra palan jolastea zen zuretzat...
Niri eskua gustatzen zitzaidan. Eneko Maizekin, Jon Erasunekin..., jokatzen nuen. Baina jada ezberdintasuna bazegoen, neskok ez genuen mutilek bezainbesteko indarra haien aurka jokatzeko. 

Behar Zana elkartean emakumezkoen pala taldea dago. Zenbat emakumek osatzen duzue taldea?
Pala taldean kategoria ezberdinak daude, umeen kasuan taldeka banatuta. Zazpi urtekoetatik hasi eta orain gutxi gorabehera 52 urte inguru arte. Emakumeak asko dira; hogeitabost. Denera 40 lagun inguru izango gara.

Neska gaztetxoenek badakarte pilotarekiko zaletasunik?
Bai. Gustatzen zaie. Guztiak ez dira billabonatarrak. Aiztondo mailan nik bakarrik hartzen ditut neskak, umetan entrenatzeko beste lekurik ez baitago. Nik entrenatzen ditut bai Villabonan eta bai Adunan. Umeak etortzen dira Ibarratik, Iruratik... Villabona edo Adunako taldeez gain, Altzon eta Albizturren dago palaz aritzeko aukera.
Adunan, gainera, indarra hartzen doa pilota azken urteetan.
Aurten ni nabil pilotako eta palako arduradun Adunan. Esku-pilotan hasi eta palan ari den neska izateak indarra eman dio. Iruditzen zait neskatan indar gehiago hartu duela.

Nola prestatzen dituzu gaztetxoenen entrenamenduak?
Astean ordu asko sartzen ditut frontoian Adunan 5-6 ordu eta Villabonan 11-12 ordu. Aurrebenjaminekin hasten naiz; eskuz entrenatzen ditut mutilak eta gero kategoria guztietako palak nire esku daude. Entrenamendu askotan puntu gehiago exijitzen diet, baina bestetan, beraien mailaren arabera prestatzen ditut entrenamenduak. Gazteenekin saiatzen naiz ahal den gehiena disfruta dezaten, etor daitezela frontoira jolas modura.

Emakumezkoen Master Cup txapelketako aurrekanporaketa bat Villabonan jokatu zen otsailean. Ikusmina piztu al zuen jendearengan?
Bai, lehen baino gehiago. Emakume Master Cup-en ez nintzen egon, partidua nuelako, baina antolatzaileek esan didatenez jende asko inguratu zen, jendea pozik. Berastegin ospatu ziren partiduetara joan nintzen eta jende asko zegoen ikusten. Oso pozik.
Umeak entrenatzen ari naizela entzun izan dut: "neskak ari dira jokatzen, horiek ikustera ez gara geratuko, ezta?". Baliteke mutilen batek guk baino okerrago jokatzea, baina hura ikustera joaten dira. 

-----------------------------------------------------------------------------------------------------

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

Erlazionatuak

Anne Maiza Euskal Herriko txapeldun pala gomaz

Zizurkil

30-24ko markagailuarekin jantzi du txapela Anne Maiza zizurkildarrak Euskal Herriko pala gomazko txapelketan Garazi Eizmendi aiarra bikotearekin. A...
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!