Beatriz Unzue Amasa-Villabonako alkatearen mezua herritarrei:
Kaixo herritarrok. Zer moduz zaudete?
Ni hementxe, etxean, zintzo-zintzo zuek bezalaxe. Osasun larrialdiko egoera honetan egun arraroak, bereziak dira bizitzen ari garenak. Ezjakintasuna, urduritasuna, kezka. Egun guztian buruari bueltaka nola, zer, zergatik?
Guk udaletxe aldetik neurriak hartu ditugu eta gomendioak helarazi. Orain boluntario talde bat ere osatu da zuen erosketak egin eta etxera eramateko. Zerbitzu hori pertsona helduei, ezinduei, zaurgarrienei bideratuta dago. Ahal den neurrian erosketak Villabonako denda txikietan egingo dira, denda horiek ere larrialdi egoera honetan bizirik mantendu behar dutelako.
Eskerrak eman nahi dizkiet koronabirusaren aurka eta gure osasunaren alde egunero-egunero lanean ari diren osasungintzako langile guztiei. Egunero behar ditugun elikagaiak ez faltatzeko lanean ari diren guztiei, herriko langileei, herritarrei laguntzeko beraien burua prest duten herritar guztiei eta bereziki-bereziki zuei. Amasa-Villabonako herritar guztiei. Zentzu osoz eta arduraz jokatzen ari zarete eta jarraitu horrela. Denon artean egin beharreko ahalegina da eta ziur eduki hemendik garaile eta indartsu aterako garela.
Beraz, badakizue, etxean gelditu beharra dugu. Nire animo guztiak eta egurra Covid-19ari!