Eñaut eta Oier Aranburu, zaletasun ugariko gazteak

Ainhoa Arozena 2020ko mar. 21a, 11:13

Eñaut eta Oier Aranburu Otamendi anaiek kadete mailako Gipuzkoako bikotekako trinkete txapelketa irabazi berri dute. Martxoaren 8an lortu zuten txapela, hain juxtu. Eta nola ez, oso gustura daude lorpenarekin. Pilotari ez ezik, futbolari ere badira eta, hori gutxi balitz, baita musikari ere. Euren zaletasunen berri azaldu dute etxetik. Uste baino azkarrago doazkie berrogeialdiko egunak, baina normaltasunera itzultzeko gogoz daudela aitortu dute.

40-28, tarte politarekin irabazi zenuten trinketeko finaleko partida. Zein sentipen izan zenuten partidan zehar?
Martxoaren 8an, Irurako trinketean jokatu genuen hernaniarren aurka. Gustura geratu ginen emaitzarekin, baina partidan zehar ez ginen oso txukun ibili eta deseroso sentitu ginen.
Finalaren aurretik ligaxka jokatu genuen; sei bat partida guztira eta, partida guztiak irabazi genituenez, zuzenean sailkatu ginen finalerako.

Behar Zana pilota taldeko kideak zarete biok ere. Eskuz aritzen zarete. Nolatan egin duzue orain pilotalekutik trinketerako jauzia?
Bai, umetan hasi ginen eta eskuz aritu izan gara beti. Behar Zana taldeko pilotariak astean behin Irurako trinketean entrenatzen hasi ginen iaz eta baita partida batzuk jokatzen ere. Gipuzkoan ez dago trinkete aukera handirik eta Irurako trinketean jokatzeko eskaera handia da. Aurten entrenatzeko aukera gutxi izan dugu. Txapelketa bakarra jokatu dugu, baina irabazi egin dugu eta, gustura! Beno, txapelketa bakarra ez; Eñaut, Gipuzkoako banakako txapeldun ere izan da aurten trinketean.

Zertan da ezberdina trinketeko eta pilotalekuko jokoa?
Trinketeko pilotak pilotalekukoak baino bigunagoak dira eta gora egiten dute botea; bote handia egiten dute, baina ez dira biziak. Pilotalekua txikiagoa da eta frontisa edo pareta besterik ez ditu. Trinketean teilatua, frailea, sarea…, elementu ugari dago eta adi egon behar da. Jokaldietarako aukera gehiago ematen du trinketeak eta gogoko dugu hura ere. Tantoak luzeagoak izaten dira, baina gutxiago sufritzen dute eskuek, pilotak arinagoak direlako.

Batak ez du bestea kentzen. Trinketean bai, baina pilotalekuan ere jarraitzen duzue…
Bai. Udaberriari begira, Lau eta erdikoa, Berria txapelketa edota Herriartekoa jokatzekoak ginen; orain ez dakigu jokatuko ote ditugun, koronabirusa dela eta. Kadete mailan biok bakarrik gaude Behar Zana pilota taldean eta batera jokatzen ditugu normalean partidak. Ondorengoak jubenil mailakoak dira.  
Orain etenda dauzkagu entrenamenduak, baina astero entrenatzen dugu. Gustuko dugu pilotan aritzea.

Pilotan aritzea umetatik gustuko, baina futbolean ere aritzen zarete…
Umetatik jokatzen dugu futbolean ere, 8 urtez geroztik. Momentu honetan talde ezberdinetan ari gara: Billabona FKEko Ohorezko mailan -Oier- eta, azken denboraldi honetan, Danenako Euskal Ligan -Eñaut-. Gustuko dugu futbola ere.

Kirolariak bai eta musikariak ere bai. Dultzaina jotzen duzu, zuk, Oier. Perkusioa, zuk, Eñaut. Jeronimo dultzaina taldeko kide, saltsa guztietan hantxe!
Festetan kalez kale ibiltzen gara herrian batez ere, baina baita inguruko herrietan ere. Dultzaina eta atabala jotzen ditugu Loatzo musika eskolako Jeronimo dultzaina taldean eta festak barrutik bizitzeko aukera ematen digu horrek. Gustuko lana dugu, ez gara aspertzen.

Zergatik aukeratu zenuten dultzaina? Zergatik perkusioa?
Oier:
Nik hasieran biolina jotzen nuen, baina zaila da eta uztea erabaki nuen. Dultzaina txikitatik gustatzen zitzaidan eta harekin hasi nintzen.
Eñaut: Egia esan, ez naiz gogoratzen zergatik aukeratu nuen perkusioa, baina gustukoa dut. Dultzaina taldean atabala jotzen badut ere, perkusioaren baitan tresna ezberdinak jotzen ditut.

Zer moduz bizi duzue berrogeialdia etxean?
Gehiago aspertuko ginela uste genuen. Etxeko lanak direla edo pelikulak ikusiz, azkar pasatzen da denbora. Entrenatzeko aukera gutxi dugu, baina musika-tresnekin aritzen gara.

Lagunei, gazteei…, mezuren bat luzatu nahi?
Ea laster ikusten dugun elkar... Ea etxetik laster ateratzeko moduan garen, behintzat. Gazteei deia: anima daitezela pilotan jolastera, gazte gutxi dago eta!

   

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!