Zer moduz ari dira erantzuten herritarrak egoera berezi honen aurrean?
Orokorrean nahiko kontentu gaude herritarren erantzunarekin. Hainbat herritarrek deitu egiten digu gainerako herritarrak neurriak betetzen ari ez direla ikusten badute. Eta, dudarik gabe, erraztu egiten digu horrek gure lana, ez baikaude langile asko.
Goizetan behar litzatekeena baino jende gehiago ibiltzen da kalean, baina oso zaila da hori kontrolatzea. Azken batean, erosketak egiteko aukera ematen baita. Baina, egunero beharrean, bizpahiru egunerako erosketa egin eta etxean geratzen ikasi behar du jendeak.
Isun asko jartzea egokitu al zaizue egun hauetan?
Gutxi batzuk jarri ditugu momentuz. Lehen astean, jarrera pedagogikoa lantzen saiatu gara, herritarrek ohitura onak har ditzaten. Baina kasu batzuetan ezinezkoa izan da eta, momentuz, bi isun jarri ditugu, eta tramitatu gabe daukagu hirugarrena.
Zein zalantza edo kezka argitzeko deitzen dizuete herritarrek bereziki?
Zalantza nagusia desplazamenduen ingurukoa izan da orain artean. Jende askok adineko senitartekoak ditu beste herriren batean, eta haiengana joateko baimen berezirik behar ote duten galdetuz deitzen digu gehiengoak. Desplazatzeko aukerarik ba ote duten edo baimenik ematen al diegun galdetuz. Baina hori ez dago gure esku: ez baitago halakorik onartzen duen agiri zehatzik. Abiatu eta Ertzain edo joandako herriko udaltzainek galdeginez gero, haien esku geratuko litzateke esandakoa sinetsi edo onartzea.
Zein gomendio nagusi luzatuko zenuke?
Aurrez esandakoa azpimarratuko nuke: erosketak egunero egin beharrean, bizpahiru egunerako egin eta etxean lasai gera daitezela herritarrak. Eta noski, erosketa guztiak batera egitea. Ez goizean okindegira, eguerdian janari-denda edo supermerkatura eta arratsaldean botikara joatea. Behin kalera aterata, erosketa guztiak segidan egin behar dira.
Esan beharrik ez, jendearekiko beharrezko distantzia errespetatzea ezinbestekoa da.
Eta txakur-jabeei ere deia: ahalik eta gutxien atera daitezela txakurrak pasiatzera. Ateratakoan, berriz, buelta txikia egin dezatela, herriko beste puntaraino joan beharrean. Dagoeneko ari da egonkortzen gai hori ere, hasierako egunetan txakurra pasiatzera Amasa aldera abiatzen zen herritar ugari, baina jakina da dagoeneko hori ez dela egin behar.
Hartu beharreko neurriak gogorrak dira bai txakurrentzat, bai umeentzat nola helduentzat. Guztiontzat. Joan zen astean haurrak helduekin erosketak egitera atera zitezkeela aipatu zen, baina haiekin egoteko etxean beste inor ez dagoen kasuetan soilik egin daiteke hori.
Beste ezer gehitu nahiko al zenuke?
Berriz ere eskerrak eman herritarrei, haiek ematen diguten informazio guztia baliagarri zaigulako. Arauak errespetatzen ez dituena ere agian gehiago kokilduko da bizilagunek ikusi eta abisua ematen dutela jakinda.