Koronabirusa

"Egunean egunekoa lantzen ari gara, gure bezeroengana iristeko"

Ainhoa Arozena 2020ko mar. 24a, 11:04

Ana eta Edurne Agirre ahizpak, Berdura plazako postuan.

Lehengo astean ez zen Villabonan azokarik izan, baina astearte honetan horretarako aukera eskaini du Udalak. Gregorio Zuaznabar eta Ana Agirreren barazki eta esnekien postua nahiz Edurne Agirreren ogi eta errege sagarrarekin egindako produktuena lanean ari dira Berdura plazan. Ana Agirrek hartu du hitza eta, azken aste honetan, etxeetara zuzeneko zerbitzua eskaintzen ari direla nabarmendu du.

Aste honetan postua jartzeko aukera izan duzue…
Aurreko astean azokarik izango ez zela esan zuen Udalak. Tolosako kasua ikusita, ordea, Udalera deitu nuen aste honetako erabakiaz galdezka, eta baiezkoa erantzun zidaten; mantendu egingo zela aste honetakoa. Astez aste ikusiko beharko da zer etortzen den.

Berdura plazan, bertako produktuak eskainiz, saltzaile ugari biltzen zarete astero. Bakarrik zaudete gaur…
Bai, barazkiak saltzen gu eta beste saltzaile bat aritzen gara, eta  arrautzazalea nahiz landarezalea ere etortzen dira. Haiek ere izango zuten baimena, baina ez dira etorri. Gu bakarrik etorri gara gaurkoan.
Guk ere, egia esan, zalantza izan dugu etorri edo ez etorri. Alde batera, ez baikenekien bezeroek ere nola erantzungo zuten.

Neurriak hartuta, aurpegia eta eskuak babestuta ari zarete lanean…
Bai. Badaezpada guztiok hartu behar ditugu neurriak eta, bestalde, bezeroei ziurtasuna eman nahi diegu. Ondo egiten ari gara, ustez.

Asteroko postua jarri duzue plazan, baina etxerako zuzeneko salmentaren eskaintza indartzen ari zarete…
Bai, baserrira deitu eta zuzenean etxera egiten dugu banaketa, eta aukera hori zabaltzen ari gara gaur hemen ere. 649 00 12 54 telefono zenbakira deitzen digun bezeroari etxera eramango diogu eskatzen diguna

Barazki ekologiko eta esnekien artean, zein da zuen egungo eskaintza?
Barazki ekologikoen artean, azelga, espinaka, porrua, eskarola lisoa, eskarola kizkurra, letxuga, baratxuri freskoak, patata, kiwiak, kalabaza edota brusela azala. Esnekien artean, berriz, esne gordina, esne pasteurizatua, yogurt txikia, yogurt handia eta behi gazta. Bestalde, garbantzua eta babarruna ere bai.
Edurne Agirre okinak, berriz, ogi mota ezberdinez gain, etxeko errege sagarrarekin egindako produktuak ere eskaintzen ditu.

Zertan eragin du koronabirusak baserritarron lanean?
Egoera eta gure salmenta-iturriak geratzea ekarri du, eta nola bideratu ez jakitea. Badakit sare batzuk sortu nahian dabiltzala. Sortu ere egin dira batzuk dagoeneko, baina nola bideratu lantzen ari dira orain. Bezeroen nahiz baserritarren aldetik ere baserriko produktuak erosteko interesa badagoela dirudi, eta ikusi egin behar zein bide egiten dugun. Egunean egunekoa lantzen ari gara, bereziki, gure bezeroengana iristeko. Pixkanaka eta elkarri lagunduz egin behar dugu aurrera, gure generoa kanpora atera ahal izateko.

Egoera berezi hau dela eta asko areagotu al da etxez etxerako eskaera?
Bai, dei gehiago ari gara jasotzen. Lehengo astetik aurrera jende dezente hasi zitzaigun deika eta, gaur ere, postuan aukera hori zabaldu dugunez, aurrerantzean dei gehiago jasoko dugula esango nuke.

Beti da garrantzitsua garbi eta ondo jatea. Zer esanik ez orain, etxean eta dezente geldiago gaudenean…
Dudarik gabe, eta esango nuke, kontsumoa ere handiagoa dela. Otordu guztiak etxean egiten ditugu orain eta hori antzematen da, esaterako, gaurko azokan. Normalean pixka bat eramaten duenak, gehixeago eramaten du orain.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!