Koronabirusa

Elkartasun jostunak, maskaren gabeziari erantzuteko ekimena

Ainhoa Arozena 2020ko mar. 27a, 12:15

Leire Martin Amasa-Villabonako Santiago zaharren egoitzako langilea da, eta baita Udalak abian jarritako eskulan eta zaharberritze tailerretako irakaslea ere, besteak beste Amasa-Villabonan edota Andoainen. Bi lanak uztartuz, zaharren egoitzetara eta beste hainbat tokitara bideratzeko, oihalezko maskarak egiteko ekimena jarri du abian. Erantzun bikaina izan du.

Nondik nora jarri duzu abian ekimena?
Joan zen astean, egoera honen aurrean babestuta lan egiteko materiala jaso genuen Santiago egoitzan, baina oso material gutxi iritsi zitzaigun. Babes neurriak bermatzeko material falta handia geneukanez, maskarak egiteari ekin zion nire amak.

Zahar egoitzako lanaz gain, eskulan eta zaharberritze ikastaroak ere eskaintzen ditut hainbat lekutan, tartean, Amasa-Villabonan edota Andoainen, eta whatsapp talde ugari dudanez, talde haietara luzatu nuen deia. Amak maskarak nola egin erakusten zuen argazki bidezko tutoriala osatu zuen, eta huraxe bidali nien taldekideei, maskarak egiten parte hartzeko laguntza eskatuz. Oso erantzun ona jaso dugu, bai whatsapp taldeei eta bai ondoren sortu den ahoz ahokoari esker ere. Oihartzun handia hartu du ekimenak eta herritar asko batu zaigu. Oso gustura gaude.

Zein material erabiltzen duzue maskarak egiteko?
Orain artean, jendeak etxean dituen oihalekin egin ditu, aurrez aipatutako tutorialari jarraiki. Etxean daukadan materiala zabaltzen ere hasi naiz ni dagoeneko; oihalak bezala, baita gomak ere. Beharren arabera ari gara moldatzen. Jostunak edo josten dakiten herritarrak ari dira ekimenean parte hartzen. Baina egunez egun, jende berria gehitzen ari zaigu ekimenera. Herriko apaizak ere bat egin du gure deiarekin eta baita Santiago egoitzako egoiliarren familia ugarik ere. Besteak beste, Olaederra kiroldegiak ere materiala utzi digu. Oso pozik gaude erantzunarekin eta halako olatua sumatuta, ‘Elkartasun jostunak’ izeneko whatsapp taldea sortu dugu.

Nola bideratu duzue ekimena? Egindako maskarak nora eraman behar dira?
Herritarren eskutik maskara asko jasotzen ari ginenez, haiek biltzeko gune bat zehaztea erabaki genuen. Basajaun liburu-dendan utzi behar dira maskarak aurrerantzean eta guk jasoko ditugu bertatik.

Santiago egoitzara soilik edo leku gehiagotara ere banatzan dituzue maskarak?
Hasieran Santio egoitzarako bakarrik hasi ginen, baina maskara asko eta asko jasotzen ari garenez, leku gehiagotara zabaltzen ari gara orain. besteak beste, Andoaingo zahar egoitzara. Eta zahar egoitzetara ez ezik, supermerkatuetako langileentzat ere bideratu ditugu dagoeneko haietako batzuk. Aurrerantzean, saltoki txikietara ere iritsi  nahiko genuke.

Maskarez gain, pantailak ere bai... 
Pantailak aurpegia babesteko gailuak dira. Diadema moduko pieza bat inprimatu, eta hari azetatozko (plastiko gogorra) xafla bat gehituz osatzen dira babesgarri horiek. Aurpegi osoa babesten dute eta oso lagungarriak dira lanerako.

Telebistan nahiz webgune ezberdinetan ikusi genuenez, 3D inprimagailuak dituzten pertsonak pantailak egiten hasi ziren, eta 3D inprimagailuak dituzten eskualdeko herritarrei deia luzatu nahi genien egoitzarako pantailak egiteko eskatzeko. Baina lortu ditugu dagoeneko, EMAN S.A. industria eta grafiken eskutik. Oso eskuzabal jokatu dute eta eskerrak eman nahi dizkiegu.

Eskasia aipatzen duzu behin eta berriz…
Bai, baldintza onetan lanean aritzeko materiala behar dugu. Ez bakarrik maskarak eta pantailak, gorputza babesteko bata edo buzoak ere behar ditugu. Bata gutxi iritsi zaigu oso…, birusari pasatzen uzten ez dioten eta paper itxurako materialez eginiko bata edo buzoen eskasia dugu. Batean eta bestean eskaera egin dugun arren, oso zaila da haiek lortzea.

Egoera zail honen aurrean, Osakidetzari eman zaio lehetasuna eta bertara ari dira bideratzen material gehiena. Gainerakoak, berriz, bigarren maila batean gaude.

Elkartasun jostunak ekimenak, bestalde, ekimen berri bati zabaldu dizkio ateak. Azalduko al duzu buruan darabilzuen ideiaren berri?
Basajaun liburu-dendako arduradunaren eta bion artean beste ekimen berri bat martxan jartzea bururatu zaigu. Bizi dugun egoera iluna kontuan izanda, hain zuzen, egoitzetako langileentzako animo-eskutitzak eta egoiliarrei zuzendutako marrazkiak edo postalak osatzeko deia herritarrei zabaltzea, lan horiek jaso eta egoitzako langile nahiz egoiliarrei banatzea, ilusioa eta poza zabaltzeko, lagungarri baita guztia.

Elkartasun jostunak ekimenarekin bat egin edo berri zehatzagoa jakin nahi duenak, leyretxu22@gmail.com helbide elektronikora bidal dezake mezua.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!